Argazkia: EMF
Pasa den larunbatean abiatu zen Bedian mendiko lasterketen 2023ko Euskal Herriko Kopa, egutegiko lehen probarekin. Guztira 8 hitzordu izango dira eta Bediako VII. Kolazino Mendi Eguna, lehena izan da, Ganguren MTk, Tiritu Kultur Elkarteak eta EMFk antolatuta. Mendaroko Kilimon Trail izango da Kopako hurrengo proba, apirilaren 1ean.
Proba nagusian, korrikalariek 24 kilometro eta 1.700 metroko desnibela gainditu behar zituzten, eta lur lehorra, korrikarako oso bizia eta tenperatura altuak izan zituzten urte-sasoi honetarako. Baldintzak lagun, Kolazino Mendi Eguneko errekorra minutu bat baino gehiagoan jaitsi zuen gizonezkoen proba irabazi zuen Aitor Zunzunegi legorretarrak.
Lehen kilometroak mantso hasi ziren, aurreneko bi igoerak iritsi ziren arte, Eroso Mendi eta Santagozarko. Gizonezkoen kategorian, kronometratutako lehen puntuan, 8 kilometrora, Oier Ariznabarretak oso erritmo bizia ezarri zuen eta atzetik Aitor Ajuria, Aitor Zunzunegi eta Ibai Makazagaren ibili ziren. Probaren punturik garaienerako igoeran, Mandoian, Argiñatx mendiaren magaletik, hirukoteak posizioak mantentzen zituen, eta atzetik Asier Larruzeak, iazko txapelduna, bi posizio irabazi zituen Javier Goitiaren ondoan, Imanol Larrañaga ere erritmo onean zetorrelarik.
Jaitsiera teknikoaren ondoren, bi gailur geratzen ziren igotzeko, Kastillozar eta Zeatakoa, eta horiek aldaketa handiak eragin zituzten sailkapenean. Aitor Ajuria jarri zen probaren buru, eta Ariznabarreta garaipenerako borrokatik kanpo geratu zen. Atzetik zetozen Larrañaga, Larruzea eta Zunzunegi. Azken 5 kilometroetan ordea, Ajuriak behera egin zuen, eta Zunzunegik, aldiz, azken txanpa bikaina egin eta proba irabazteaz gain, errekorra ere gainditu zuen: 2:08:24.
Emakumezkoetan, mugimendu gutxiago egon zen lasterketaren buruan. Kronometratutako lehen zatian hiru postuetan zeuden hiru lasterkariek beren posizioei eutsi zieten helmuga zeharkatu arte. Oihana Azkorbebeitiak Kolazinoarekin sintonia berezia duela erakutsi zuen eta lehen postua eskuratu zuen aurten ere. Abadiñarra hasieratik bukaerara izan zen lasterketaren buru. Ainara Urrutia aretxabaletarra izan zen bere mehatxu nagusia ibilbide osoan, baina ez zuen inoiz arriskuan jarri bere garaipena. Oihana Zubillaga anoetarra hirugarren sailkatu zen.
Junior, gazte eta kadeteen 11 kilometroko lasterketan, Ion Kabada, Eneko Etxaniz eta Borja Utergo izan ziren irabazle gizonezkoen kategorietan, eta Irene Iturria, Alluitz de Bilbao eta Naroa Lopez nesketan.
EUSKAL HERRIKO KOPA 2023
Emakumezkoak
- Oihana Azkorbebeitia
- Ainara Urrutia
- Oihana Zubillaga
Gizonezkoak
- Aitor Zunzunegi
2.Imanol Larrañaga
- Asier Larruzea
Beteranoak emakumezkoak
- Oihana Azkorbebeitia
- Ainara Urrutia
- Oihane Unzalu
Beteranoak gizonezkoak
- Imanol Larrañaga
- Alexander Ordeñana
- Unai Intxaurraga
Junior neskak (16 km)
1.- Irene Iturria
2.- Ania Hernandez
3.- Andrea Manzanal
Junior mutilak (16 km)
1.- Ion Cabada
2.- Ibai Angulo
3.- Eneko Olabarria
Jubenil neskak (11 km)
1.- Alluitz de Bilbao
2.- Jone Oar-Arteta
Jubenil mutilak (11 km)
1.- Eneko Etxaniz
2.- Aitor Guerra
3.- Urko Lozano
Kadete neskak (11 km)
1.- Naroa Lopez
2.- Naroa Arribas
Kadete mutilak (11 km)
1.- Borja Utergo
2.- Julen Dobarro
3.- Mikel Oar
0 Comments