Argazkia: Atletismo Tolosa CF
Munduko 20 urtez azpiko txapelketan, pertikako jauziko finalean bosgarren sailkatu berri da Ander Martinez de Rituerto tolosarra 5.25 metroko markarekin, bere erregistrorik onena lortu eta Euskal Autonomi Erkidegoko errekor berria ezarriz.
Calin (Kolonbia) jokaturiko 20 urtez azpiko Aire Libreko Munduko Atletismo Txapelketan Ander Martinez de Rituerto (2003-12-20) finalera sailkatu zen eta bertan bosgarren postuan geratu zen, 5,25 metroko jaurtiketarekin. Hartara, berea zen 20 urtez azpiko EAEko errekorra (5.23) hobetu zuen, uztailaren 9an Donibane Lohitzunen lortutakoa.
Euskal Herriko 20 urtez azpiko pertika errekorra, 1995eko martxoaren 16an Iruñean jaiotako Adrian Valles Iñarrearen eskuetan jarraitzen du, 5,31 metroko markarekin, 2014ko uztailaren 5ean lortu zuena Castellonen. Errekor absolutoa berriz, Montxu Mirandarena da, 2000. urteko irailaren 2an Bartzelonan egindakoa: 5.81.
Munduko txapelketako finalean, errekorraz aparte bestelako jaurtiketetan ere fin aritu zen Luis Aranzabalen aginduetara aritzen den tolosarra: 4.90, 5.05 eta 5.15era egin ondotik 5,25era pasa zen. Gero, 5.35ekiko lehen bi saiakerak huts egin zituen, eta hirugarrena 5.40rentzat utzi zuen, gainditzeko zorian egon zena.
Bere bilakaera hobeto ikusarazteko, tolosarraren azken bi denboraldietako (2021 eta 2022) ibilbidea errepasatuko dugu:
2021ean 8 aldiz lehiatu zen, 3 aldiz pista estalian eta 5 aldiz aire zabalean. 4.43ko jauziarekin (otsailaren 20an) hasi zuen denboraldia eta 5 metrora (4.96) hurbildu zen ekainaren 13an. Bestelako jaurtiketa esanguratsuak ere burutu zituen urtean zehar, hala nola: 4,70 maiatzaren 8an, 4,82 maiatzaren 29an, 4,85 ekainaren 6an eta 4,85 ekainaren 29an.
Aurten, 2022an, 3 aldiz lehiatu da pista estalian: 4.80, 4.92 eta 5.12, 5 metroak lehen aldiz gaindituz. Eta 10 lehiaketa daramatza aire zabalean: ekainaren 12an 5,20ko jaurtiketa egin zuen, uztailaren 9an 5,23ko errekorra egin zuen eta azkenik, 5.25era iritsi da orain arestian aipaturiko Caliko finalean.
0 Comments