Argazkiak: egursport.com
Pasa den igandean, abuztuaren 7an, jokatu zen Gipuzkoako Pentatloi txapelketa Irungo Urdanibia plazan, 11:30ean hasita. Guztira zazpi kirolari aritu ziren txapelaren bila lehian, eta guztiek sekulako erakustaldia eskaini zuten: Iñaki Errazkin, Joseba Otaegi, Xabier Zaldua, Jagoba Otaegi, Andoni Iruretagoiena, Julen Gabirondo eta Aratz Mugerza.
Bost probez osatutako lehia izan zen eta proba guztiak jarraian egin behar izan zituzten, bat amaitu arte ezin zutelarik hurrengoarekin hasi:
-Harri jasotzea (hogei altxaldi 100 kiloko harri biribilari)
-Giza proba (bi plaza 400 kiloko harria arrastaka –plaza bakoitza 24 metro ingurukoa da–)
-Aizkolaritza (45 ontzako bi enbor eta 54ko bat)
-Txingak (lau plaza 50 kiloko txingak eskuetan)
-Korrikaldia (2 kilometro)
Lehen aldiz izaera ofiziala izan zuen Gizonezkoen Gipuzkoako Pentatloi Txapelketak eta beraz lehenengo marka ofiziala ezarri zuen irabazleak, Izeta VI.ak alegia: 25 minutu eta 44 segundo.
Xabier Zalduak minutu bat gehiago behar izan zuen lan guztiak amaitzeko, 26 minutu eta 41 segundo, hain zuzen. Hirugarren Julen Gabirondo helmugaratu zen, Iñaki Errazkinentzat izan zen laugarren postua, Joseba Otaegi izan zen bosgarren, Jagoba Otaegi seigarren eta Aratz Mugerza zazpigarren.
SAILKAPENA
1 Andoni Iruretagoiena 25 minutu eta 44 segundo
2 Xabier Zaldua 26 minutu eta 41 segundo
3 Julen Gabirondo 28 minutu eta 57 segundo
4 Iñaki Errazkin 29 minutu eta 32 segundo
5 Joseba Otaegi 29 minutu eta 48 segundo
6 Jagoba Otaegi 33 minutu eta 12 segundo
7 Aratz Mugerza II.a 34 minutu eta 24 segundo
0 Comments