Arraun Lagunak-ek Bilboko erlojupekoan errekorra apurtu du

2023.07.17 | Arrauna, EHKM, Emakumeak, Errekorrak, Errrekor berria

Andrea Astudillok gidatzen duen taldea izan zen azkarrena 10:24 minutuko denborarekin, aurretik beraiek ezarritako 10:31ko marka onduta

Argazkia: euskolabelliga.com

 

Euskotren Ligako laugarren jardunaldia jokatu zen pasa den larunbatean, Donostia Arraun Lagunak nagusitu zelarik Bilboko erlojupekoan. Andrea Astudillok gidatzen duen taldea izan zen azkarrena 10:24 minutuko denborarekin eta sailkapen nagusiko berdintasuna apurtzea lortu zuen (19 punturekin, Oriorekin eta Donostiarrarekin berdinduta zegoen), izan ere, jarraian bigarren bandera irabazita, 29 punturekin, sailkapeneko gorenean jarri dira donostiarrak.

Eremu horretan bikain moldatzen dela erakutsi zuen beste behin Arraun Lagunak-ek, hirugarrenez jarraian nagusitu baitzen Bilboko itsasadarrean, honakoan gainera erlojupekoaren errekorra hautsi zutelarik, aurretik beraiek ezarritako 10:31ko marka onduta.

Irteera ordena sailkapen nagusiko ordenaren alderantzizkoa izan zen eta horren arabera  Tiranek, Cabok, Hibaikak eta Hondarribiak eman zioten hasiera lehiari. Azkenean Hondarribiak irabazi zuen txanda, Hibaikari 70 ehunen aterata. Cabo sei segundora iritsi zen, eta Tiran izan zen helmugaratzen azkena lehen txanda horretan, hogeira.

Ohorezko txandan honakoak aritu ziren: Arraun Lagunak, Donostiarra, Orio eta Tolosaldea. Ziztu bizian abiatu ziren lau traineruak baina ziabogatik azkarren irten zena Arraun Lagunak izan zen, 5.09ko denborarekin, Donostiarra gertu zuelarik. Azkenen garaipena eskuratu zuen Arraun Lagunak-ek. 10.24ko denboran geratu zuen kronoa Lugañenek, eta Bilboko banderako errekorra lortu, zazpi segundoren aldearekin.

Donostiarra  heldu zen bigarren lekuan, 3 segundu gehiago behar izan zutelarik estropada eremua zeharkatzeko, eta Orio Orialki, berriz, hirugarren izan zen 6 segundora. Laugarren postua eskuratzeko lehia ikusgarria izan zen, ehunenekoek erabaki zutelarik. Hondarribiaren aldekoa izan zen 10:43:26ko denborarekin, Tolosaldeak, 10:43:48an geratu zuen erlojua, eta Hibaika ere lehia horretan egon zen 10:43:96ko markako denborarekin. Cabo zazpigarren izan zen Donostia Arraun Lagunak baino 24 segundo gehiago behar izan zituelarik, eta irabazlearen denboratik 39 segundotara heldu zen SD Tiran Pereira.

Sailkapen nagusian Donostia Arraun Lagunakek jarraitzen du lidertzan 29 punturekin, jarraian du Nortindal Donostiarra 26 punturekin, Orio hirugarren da 25 punturekin eta laugarren postuan Tolosaldea 23 punturekin.

V. Bilboko Bandera:

  1. Arraun Lagunak 10:24.20
  2. Donostiarra 10:27.08
  3. Orio 10:30.00
  4. Hondarribia 10:43.26
  5. Tolosaldea 10:43.84
  6. Hibaika 10:44.96
  7. Cabo 10:48.80
  8. Tiran 11:03.26

Sailkapen nagusia:

  1. Arraun Lagunak 29 puntu
  2. Donostiarra 26
  3. Orio 25
  4. Tolosaldea 23
  5. Hondarribia 17
  6. Hibaika 11
  7. Cabo 9
  8. Tiran 4

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!