Argazkiak: Txindokiko Kilometro Bertikala
Hamarkada bat igarota, 11 urte geroago, berriz ere Txindokiko Kilometro Bertikala proba jokatu zuten pasa den larunbatean, maiatzak 21, Abaltzisketan, Larraitzen. Igone Campos zumarragarrari sortu zitzaion proba berriz antolatzeko gogoa, eta Janire Agirre lagun ataundarrari egin zion antolatzeko proposamena. Mendi lasterketetan aritzen dira biak ala biak, eta elkarrekin heldu zioten proba antolatzeko erronkari. Duela hiru urte hasi ziren proba antolatzeko lanetan, baina, pandemiaren eraginez, azkenerako bertan behera utzi behar izan zuten 2020ko maiatzean egitekoak ziren proba, baina aurten helburua lortu eta posible izan dute lasterketa egitea.
Erlojuaren aurkako proba izan zen eta Kilometro bertikala izanik, Txindokik duen bertikaltasuna aprobetxatuz, desnibel handieneko ibilbidea aukeratu zuten antolatzaileek. Lasterkariak Larraizko langa ingurutik abiatu ziren banaka, Gaintzako bidegurutzera iritsi eta Oriako iturritik pasatu ostean, tximista ibilbidetik gora igo behar zuten gailurreraino. 3,6 kilometro egin behar izan zituzten korrika, 980 metroko desnibelarekin. Guztira 186 parte hartzaile izan ziren, horietatik 26 emakumezkoak.
Asier Larruzea gueñestarrak egin zuen gizonezkoetan denbora onena, 35.59rekin, eta ondorengo denbora onenak Mikel Beunza alkoztarrak (36.25) eta Alcala de Xiverteko Ricardo Chertak (36.46) egin zituzten.
Manuel Merillasen izena zegoen orainarte arte Txindokiko igoera azkarrenaren egiletzat. Honakoan baina, bost partaidek birrindu zuten haren 38:10 minutuko marka: Larruzeak, Mikel Beuntza (36:25), Ricardo Cherta (36:46), Iñigo Altzola (37:28) eta Aitor Ugartek (38:00).
Oihana Kortazar mutrikuarra izan zen azkarrena emakumezkoetan, 44.05eko denborarekin, marka honekin errekor berria ezarri zuelarik ere. Ainara Urrutia aretxabaletarrak egin zuen bigarren denbora onena (45.41) eta Maud Combarieu urruñarra izan zen hirugarren (47.43).
SAILKAPENAK
Emakumezkoak
1 KORTAZAR OIHANA 00:44:05 MUTRIKU
2 URRUTIA YURREBASO AINARA 00:45:41 ARETXABALETA
3 MAUD COMBARIEU 00:47:24 URRUGNE
4 AGIRREZABALA EZKURDIA LEIRE 00:47:43 IBARRA
5 LENDINEZ GARATE AINHOA 00:48:54 ELGOIBAR
Gizonezkoak
1 LARRUZEA FERNANDEZ ASIER 00:35:59 GUEÑES
2 BEUNZA IRAIZOZ MIKEL 00:36:25 ALKOTZ
3 CHERTA RICARDO 00:36:46 ALCALÀ DE XIVERT
4 ALZOLA GORDOA IÑIGO 00:37:28 ARRASATE
5 UGARTE ERIZ AITOR 00:38:00 ARAMAIO
0 Comments