Aste Nagusiko Hiri Kroseko errekorra hautsi du Diego Cuadradok

2022.08.29 | EHKM, Errekorrak, Errrekor berria, Lasterketak

18 minutu eta 4 segundoko denborarekin, 2018an berak egindako marka 24 segundotan hobetu zuen (18:25). Nerea Iturriaga nagusitu zen emakumezkoetan (22:08) baina Irene Lozanok 2018an ezarri zuen probaren errekorrera (20.29) ez zen gerturatu

Argazkiak: bilbokokonpartsak.eus

 

Hiru urteren ondoren, pasa den ostiralean, Aste Nagusiko kirol hitzordurik entzutetsu eta jendetsuenetarikoa egin zuten berriro Bilboko konpartsek antolatuta: Hiri Krosaren XXIV. edizioa.

Lasterketa Epaltzaren Alargunaren kaletik irteten da eta bertan du helmuga ere, San Nikolas elizatik gertu. Areatzako zubia zeharkatu ondoren, itsasadarraren ertzetik igarotzen da, Itsas Museoraino, eta han bira egiten du abiapuntura itzultzeko, 6 km egin ondoren.

Aurten, 622 gizon eta 215 emakume sailkatu ziren senior kategorian asfaltoaren gaineko lasterketa herrikoi eta federatu honetan, azken urteetako (2018 eta 2019) kopuruen oso antzekoak.

Bada, nabarmentzekoa da inoizko markarik onena egin duela aurten senior gizonezkoen mailako garaile izan den Diego Cuadradok: 18 minutu eta 4 segundo. Aurreko errekorra ere berak zeukan, baina honakoan 24 segundutan hobetu zuen 2018ko denbora hura (18:25).

Santanderrekoak 2019ko arantza kendu zuen (hirugarren sailkatu zen), eta 2018an lortutako txapela berretsi zuen. Bere atzean geratu ziren Martin Amilibia Aranburu zumaiarra eta Gontzal Bilbao Perez bilbotarra.

Emakumezkoetan, aldiz, Nerea Eugenia Iturriaga getxoztarra izan zen sei kilometroko ibilbidea osatzen lehena, marka bikaina eginda: 22 minutu eta 8 segundo. Hala ere, ezin izan zuen hobetu Irene Lozano atletak 2018an ezarri zuen probaren errekorra: 20.29. Atzetik sailkatu ziren, Miriam Martinez Trinidad (Bilbo) eta Iraia Garcia (Zornotza).

Kirol egokituko kategorian, Abdallah Benlan San saletarra nagusitu zen, Ivan Echavarria Guzman medellindarra atzean utzita. Echavarriak irabazi zuen aurreko edizioa, 2019an jokatutakoa. Orduan Benlan bigarrena izan zen.

Aipatuez gain, adin guztietako haurrek eta gaztetxoek ere parte hartu zuten. Beste urte batez, egun gutxitan amaitu ziren dortsalak, eta 2.000 korrikalari batu ziren hitzordura, giro aparta sortu zelarik Areatzaren bueltan.

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!