Azkoitiko kirol markak eta erronkak

2022.12.12 | Aizkora, EHKM, Errekorrak, Erronkak, Harri-jasotzea, Herri kirolak, Xakea

Kirolari azkoitiarrek aurreko mendean egindako lehiaketa, marka eta apustu esanguratsuenen bilduma egin berri du Kepa Alberdik

Argazkia: Maxixatzen.eus

 

Duela zenbait egun, Kepa Alberdik herri kiroletan aritu ziren azkoitiar ezagunei buruzko artikulua idatzi zuen Maxixatzen.eus webgunean, bertan herrian azken hamarkadetan egin diren apustuak ere gogora ekarri dituelarik.

Herri kirolen jatorria garai bateko lan jardueretan bilatu behar dugu. Garai bateko nekazari, abeltzain, artisau, nahiz arrantzaleek ogibidez egiten zituzten zenbait lan, aisialdira bideratu eta pertsonaren indarrak, denborak eta trebeziak neurtzeko kirol bihurtu dira denborarekin.

Horren harira, kirolari azkoitiarrek aurreko mendean egindako lehiaketa, marka eta apustu esanguratsuenen bildumatxo bat egiten ahalegindu da Alberdi, horien artean honakoak azpimarratu daitezkeelarik:

Aizkolaritzan: Arritte mendiko Korta baserrian jaiotako Jose Soraluze Korta izan zen, egindako markei begira, Azkoitiko lehen aizkolari ospetsua. Bere markarik handiena Azkoitiko plazan egin zuen 1910ean, 32 minutu azpiko denboran 36 ontzako hiru enbor ebakita errekor berria ezarri zuenean. 1915-1940 urteen bitartean, Ramon Astigarraga Errekalde , Jeronimo Iturbe Agiñeta eta Antonio Soraluze Korta izan ziren, herriko aizkolaririk handienak. 1940-1980 urte bitartean, Juan Jose Narbaiza Luxia eta Isidro Astigarraga Errekalde junior izan ziren aizkolari iaioenak.

Harrijasotzean: Azkoitiko herriak entzute handiko harri-jasotzaileak ere eman ditu, eta horietako batzuk idatzita daude kirol horren errekorren liburuan. 1936ko gerra aurreko aizkolaririk aipagarrienak Jose Manuel Usula eta Inazio Larrañaga Etxezakorta izan ziren; kubo tankerako harriarekin egin zituzten erakustaldirik bikainenak, garai hartan oso gutxi izanik harri mota horrekin lanean aritzea nahi izaten zutenak. Gerora, Jesus Mari Unanue Goenatxo I izan zen herriko harri-jasotzailerik entzutetsuena, eta  bere anaia Juan Jose Unanue Goenatxo II.ak hartu zuen gero honen erreleboa. Izan ere, azken horrek 1991tik aurrera ez zuen izan parekorik Harri Handien Txapelketan, eta lehiaketa hori 11 aldiz jarraian irabazi zuen, 1991 eta 2001 urteen artean. Igeldoko harria jasotzen ere ez zuen izan aurkaririk 1993 eta 2003 urteen artean, eta 2022an oraindik ere errekorra den 19 jasoaldiko marka egin zuen. Amezketako 166 kiloko Albitzuri Handi harri irregularrarekin ere aurkaririk ez zuen izan, eta 1996an egin zizkion 15 jasoaldi haiei esker, oraindik ere errekorra berea da.

Joko Nahasiak: baserritarrek egiten zituzten lanak uztartuta, herri kirolen barruan, joko nahasiko lehiaketak egiteko ohitura kontutan hartzekoa da ere. Modalitate horretan, 1940ko hamarkadan, Tomas Astigarraga Katalotza azkoitiarra izan zen kirolaririk ezagunena. 1942an Azpeitiko zezen plazan Juan Kortajarena Ondartzaren kontra jokatu zuen lehia izan zen bere saio adierazgarrienetako bat. Apustu  horretan, honako lana egin behar izan zuten: 25 aldiz kubo tankerako 125 kiloko harria jaso; 72 ontzako sei enbor ebaki; 60 buelta eman zezen plazari. Harri jasotzen 9 minutu eta 15 segundo, aizkoran 64 minutu eta 23 segundo eta lasterkan 28 minutu eta 19 segundo egin ondoren, Katalotzak irabazi zuen apustua. Kirol mota honetan bazen beste gizon indartsu bat ere: Jabier Etxaniz Katuingo txatue. Gizon indartsu honek egundoko erakustaldiak egin zituen. Horietako batean, 1.017 kiloko pisua zuen urez betetako barrika lurretik jaso zuen eta, beste agerraldi batean, aldi berean beso batekin zaldiaren indarrari eta beste besoarekin zortzi gizonen indarrari eustea lortu zuen. Ez ziren hor bukatu gizon indartsu haren erakustaldiak, beste agerraldi batean 45 milimetroko ohol baten ukabilkada batez puntapaxa alde batetik bestera pasatzeko gai izan baitzen.

Beste kirol diziplina batzuei dagokionez, atletismoan, bi korrikalari ikaragarriak eman ditu Azkoitiko herriak: Lino Aldalur Pikua eta Diego Garcia. Lehenak, 1949an, Azkoitiko Matadeitik Azpeitiko Arana auzora arteko joan-etorria 25 minutu eta 26 segundoan egin zuen, errekorra jarriz. Hamarkada batzuk geroago, Diego Garciak hobetu zuen marka hori, baina kontuan izan behar da Pikuak abarketekin egin zuela bere marka eta, besteak beste, prestaketarako, egunero bi txuleta eta bi dozena arrautza gorringo jaten zituela. Xehetasun horiek ez diote inolako meriturik kentzen garai guztietako azkoitiar antxintxikalari onena izan den Diego Garcia handiari, hark egundoko markak ezarri baitzituen. Esate baterako, 1992an, Japoniako Fukuoka hiriko maratoia 2 ordu, 10 minutu eta 30 segundotan amaitu zuen. Joko xelebreak ere izan dira korrika saioei dagokienez, eta horietako baten protagonista Agustin Domenech Erribera izan zen: kaletik Azkarate gainera erlojuaren kontrako saioa egin zuekn hark, baina berezitasun batekin: eskalaproak (kranpoiak) jantzita. Apustua irabazi eta lasterketa mota horretan Azkarate mendiko errekorra berak du harrez gero. Gizonezko korrikalariak alde batera utzita, izan zen besteen gainetik azaldu zen emakume korrikalari bat ere: Estefania Uranga Laxao. 1945ean, oraindik neska gaztea zela, Aritza baserriko Pedro Arrietaren kontrako apustua egin zuen hark: Aittolako gurutzetik mendian behera jaitsi eta berriz behetik gorako ibilaldi gogorra egin zuten. Aritzako mutila indar handikoa eta zimela izan arren, Urangak irabazi zuen baldintza berberetan jokatutako lehia.

Xakean, nola ez, Jose Luis Larrañaga bikaina aipatu behar da. Xakelari honek, 1982ko abuztuaren 27, 28 eta 29an, plusmarka berria jarri zuen, eta Guinnes liburuan sartu zen. Aurreko marka Branimir Brebich kanadarrak zuen, eta azkoitiarrak, 31 ordu eta 42 minutuko lanean, marka hautsi zuen. Abuztuaren 27an, larunbat arratsaldeko 17:00etan hasi zen, eta, igande eguerdian krisialdi handi bat izan bazuen ere, kemen ikaragarriaz gainditu zuen hura, eta etengabeko jarduera hartan, 605 partida jokatzera heldu zen azkoitiarrak: horietatik 535 partida irabazi zituen, 42 berdindu eta 28 partida bakarrik galdu.

Azkenik, leku berezi bat egin behar zaio Jexux Oteiza Kasero arrantzaliari. Izan ere, 1988 eta 1991 urteen artean, proba miresgarriak egin zituen, eta  indarra eta erresistentzia izugarriak erakutsi zituen hark. Kaserori apustua egin zion lagun talde batek 1998an: sei ordutan 28 kilo pisatzen zuen butano-bonbona betea bizkarrean hartu eta Erlo mendi gailurrera (1.033 metro) ezetz igo. Kaserok errez irabazi zituen apustuan jokatzen ziren 10.000 pezeta, hiru ordu azpitik eginez ibilbidea. 1990ean beste apustu bat egin zuen, eta oraingoan, sei ordutan Hernio mendiko gailurrera heldu behar zuen butano-bonbona betearekin. Aurrekoan baino ibilaldi askoz luzeagoa izan arren, bost ordu eta bost minutu behar izan zituen erronka gainditzeko, apustua irabaziz eta berezko kirolari gisa zituen dohain, ahalmena eta ezaugarri bikainak erakutsiz.

 

  • Artikulu osoa irakurtzeko sakatu HEMEN

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!