Baskoniaren Euroleagueko asistentzia errekorra berdindu du Pierriá Henryk

2022.12.26 | EHKM, Errekorrak, Saskibaloia

Virtus Bolognaren aurka lorturiko 13 asistentziekin, Marcelinho Huertas, Shane Larkin eta Elmer Bennetten markak berdindu ditu joko antolatzaile estatubatuarrak

Argazkia: baskonia.com

 

Baskoniak geldiezin jarraitzen du Euroligan eta bosgarren garaipena jarraian eskuratu zuen Virtus Bolognaren aurka (90-79).

Garaipen honekin Cazoo Baskoniak Euroligako lehen postuetan kokatu da, partida 40 minutuetan kontrolpean izan ondoren. Hala ere, bi taldeek hotz hasi zuten norgehiagoka, baina etxekoek hobera egin zuten Pierrià Henry pistan sartu zenean eta lehen laurdena aurretik amaitu zuten (17-14).

Jarraian, euskaldunak partidako lehen tartea ireki zuten 11-0eko partzialarekin 36-21ekoa jarriz, atsedenaldira 45-31 irabazten joan zirelarik. Bigarren zatian, Toko Shengelia baskoniar ohiaren kemenaz italiarrek lehiari eutsi zioten eta 6 puntura jarri ziren (78-72) partida amaierarako 4 minutu falta zirenean. Orduan, Baskoniak erreakzionatu egin zuen eta partida ixten asmatu zuten, 90-79ko emaitzarekin garaipena eskuratuz.

Joan Peñarroyaren gizonak markak ontzen ari dira aurtengo denboraldian eta partida honetan Pierriá Henryren txanda izan zen. Baskoniaren joko antolatzaileak 13 asistentzia banatu zituen talde italiarraren aurka, aurretik Marcelinho Huertas, Shane Larkin eta Elmer Bennettek zituzten zenbakiak berdinduz.

13 asistentzia, 3 puntu eta 4 errebote eta 15ko balorazioarekin amaitu zuen atzoko partida Virginian jaiotako jokalariak. Norgehiagokako bataz beste 6,3 asistentzia banatuta, Euroleagueko bost asistentzia emaile onenen artean kokatu da Henry.

Baskonian eta Fenerbahcen pasatutako urteak kontuan hartuta, 513 asistentzia eman ditu guztira, horietako 396 talde gasteiztarrean. Virtusen partidan emandako 13 asistentziekin, historia egiten jarraitzen du Pierriá Henryk Baskonian.

Fitxa teknikoa

90 – Cazoo Baskonia (17+28+18+27): Thompson (6), Howard (7), Giedraitis (8), Costello (4) eta Kotsar (12) -hasierako bostekoa-, Henry (3), Marinkovic (22), Enoch (11), Hommes (-), Diez (6) eta Sedekerskis (12).

79 – Virtus Bologna (14+17+20+22): Teodosic (7), Hackett (4), Weems (6), Shengelia (15) eta Jaiteh (6) -hasierako bostekoa-, Pajola (-), Bellinelli (16), Bako (8), Lundberg (7) eta Mannion (11).

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!