Beatrice Jelagatek errekorra hautsi du Bilboko gaueko maratoian

2022.10.24 | EHKM, Emakumeak, Errekorrak, Errrekor berria, Lasterketak

Keniarrak 2 ordu, 35 minutu eta 5 segundoko denboran zeharkatu zuen Guggenheimeko helmuga eta marka horrekin, 2021ean Ednah Mukhwana herrikideak ezarritako errekorra (2:36:29) birrindu zuen

Argazkia: totalenergiesbilbaomarathon.com

 

58 herrialdetako 11.000 parte-hartzaile baino gehiago bildu dira aurten Bilboko gaueko maratoiaren 14. edizioan, hiriko leku esanguratsuak zeharkatzen dituen zirkuituaz gozatuz, San Mamesen irteera hartuta eta Guggenheim Museoan amaituz.

Parte-hartzaileen %32a emakumeak izan dira, eta zifra hori %44ra iritsi zen Piraten Lasterketaren kasuan (10 kilometro). Guztira 5860 lagunek eman zuten izena proba motzean; 4700, 21k proban, eta 840, maratoian.

Gauean lehiaturiko sei lasterketetatik (hiru distantzietan jokaturikoak: 10, 21 eta 42 km) azkena  emakumezkoen maratoia izan zen, non Beatrice Jelagat keniarra nagusitu zen, 2 ordu, 35 minutu eta 5 segundoko denboran zeharkatu zuelarik helmuga, Salina Jebet keniarra (2:46:50) eta Dolores Marco kantabriarraren (2:52:44) aurretik. Marka horrekin, 2021ean Ednah Mukhwana herrikideak ezarritako errekorra (2:36:29) birrindu zuen.

SAILKAPENA

1 JELAGAT CHEROP, BEATRICE  2:35:05   

2 JEBET, SALINA  2:46:50

3 MARCO, DOLORES  2:52:44

4 LAZARO GARCIA, MARIA  2:53:46

5 ASTRAIN MORENO, INES  3:10:56

6 CARVALHO FERNANDES, TÂNIA  3:15:40

7 GALIANO LOPEZ, LAURA  3:18:18

8 SILVA FALHAS, CATIA  3:32:35

9 HAWLEY HAWLEY, SARAH  3:37:55

10 MARTINEZ ROURE, ANNA  3:41:38

Proba nagusiko gizonezkoen lehian, Silas Kiprotcih keniarra gailendu zen (2:14:53), Silah Kipkemboi herrikidearekiko abantaila handiarekin (2:16:49).

Aurretik, TotalEnergies Bilbao Marathon-eko 10K lasterketa Piratan Ahmed Slimanek (30:58) eskuratu zuen garaipena, bigarren Unai Ibarra (31:32) izan zen eta hirugarren Miguel Ferrer (31:35). Emakumezkoetan Sladjana Zagorac serbiarrak irabazi zuen (37:04), Maria Lopez bigarren sailkatu zen (38:11) eta hirugarren postuan Sonia Solar geratu zen (40:25).

Maratoi erdian aldiz, Abel Chebet ugandarrak irabazi zuen (1:01:38), ondoren Edwin Yator keniarra (1:02:53) eta Haftamu Abadi etiopiarra (1:03:41) helmugaratu zirelarik. Emakumezkoetan Eguzkiñe Aspiazu korrikalaria nagusitu zen, 1:22:48ko denborarekin, eta atzetik Marina Burgaya (1:23:03) eta Beatriz Tenreriro (1:25:38) helmugaratu ziren.

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!