Behobia-San Sebastian lasterketako errekorra hautsi du Lachgarrek

2023.11.13 | EHKM, Errekorrak, Errrekor berria, Lasterketak

Irunen bizi den lasterkariak 59 minutu eta 55 segundoko marka ezarri du bulebarreko helmugan, nagusitasunez gailenduta

Argazkia: behobia-sansebastian.com

 

Chakib Lachgar euskal herritarra eta Laura Rodriguez andaluziarra izan dira irabazleak 2023ko Behobia-Donostian. Denetarik izan du probak: milaka parte hartzaile, errekorra eta emozioa. Errekorra, Lachgarrek ezarri duena 59 minutu eta 56 segundoko denbora eginda. Emozioa, Rodriguezen eta Sara Villasanteren azken metrora arteko lehiak utzi duena. Lachgarrek lasterketa irabazten duen bigarren aldia da; lehenengoa da, berriz, Rodriguezentzat.

Gizonezkoen korrikaldia oso azkarra izan da. Iazko irabazleak, Nan Oliveras kataluniarrak, lasterketa hautsi nahi izan du hasieratik, eta erritmo izugarria jarri du. Lachgarrek eta Iraitz Arrospidek eutsi diote haren joari. Pixkanaka atzean geratu da Arrospide, eta Gaintxurizketako gainean bi gizon soilik zeuden buruan. Zortzigarren kilometroan, pirata ezagunaren parean, proba hautsi du Lachgarrek eta bakarrik egin du lasterketaren bigarren erdia. Irunen bizi den lasterkariak 59 minutu eta 55 segundoko marka ezarri du bulebarreko helmugan, nagusitasunez gailenduta. Bigarren Zakariya El Boubekraoui zaragozarra izan da (01:01:28) eta podiuma Nan Olivares iazko irabazleak osatu du (01:02:00).

Emakumeetan azken metroetako lehia bizia izan da, eta Laura Rodriguez andaluziarra izan da azkarrena (01:14:22). Bere atzetik, bigarren Sara Villasante donostiarra bigarren sailkatu da (01:14:29) eta hirugarren Pilar Fernandez madrildarra (01:14:47) izan da. Lehen erritmo aldaketen ostean, Rodriguez, Villasante, Pilar Fernandez eta Helene Alberdi jarri ziren lasterketa buruan. Rodriguezek eta Fernandezek erasora jo dute 14. kilometroa pasatakoan, tartetxoa lortu dute, baina atzetik aurrerakoa bikain egin du Villasantek. Fernandez atzean geratu da, eta azkenean esprintean erabaki da garailea. 1:14:20ko denbora markatu du Rodriguezek; hiru segundo gehiago behar izan ditu Villasantek.

Behobia (Gipuzkoa) eta Donostia arteko 20 kilometroak 25.636 lagunek egin dituzte aurten; 29.639 zeuden izen emanda, eta 253 erretiratu egin dira. Inoiz baino gehiago izan dira emakumeak, 7.482. Parte hartzaileen %29 izan dira.

SAILKAPENA

Emakumezkoak

1 LAURA RODRIGUEZ BOTELLA  01:14:22

2 SARA VILLASANTE DE LA FUENTE  01:14:28

3 PILAR FERNANDEZ RODRIGUEZ  01:14:47

4 HELENE ALBERDI SOLOLUZE  01:15:37

5 GISELA CARRION BERTRAN  01:16:22

6 AROA MERINO BETANCOR  01:16:34

7 ANE ZABALA DOMINGUEZ  01:16:58

8 REBECA SUAREZ GONZALEZ  01:17:10

9 GEMMA ARNAU CUBILLO  01:17:18

10 SARA GARCIA DOMINGO  01:17:25

Gizonezkoak

1 CHAKIB LACHGAR LACHGAR   00:59:56

2 ZAKARIYA EL BOUBEKRAOUI  01:01:28

3 NAN OLIVERAS FONT 01:02:00

4 IRAITZ ARROSPIDE GARRO  01:02:36

5 RUBEN MORALES FERNANDEZ  01:02:42

6 JAUME LEIVA BEATO  01:03:45

7 PABLO BENITO GARCIA  01:04:06

8 GONZALO FUENTES ISASI  01:04:11

9 KEVIN MARTINS  01:04:16

10 LUCAS ALONSO DURÓ  01:04:19

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!