Bi Harri Txapelketako errekorra bereganatu zuen Urrak 2021eko edizioan

2022.04.30 | EHKM, Emakumeak, Errekorrak, Errrekor berria, Gizonak

25 altxalditan ezarrita zegoen Jose Ramon Iruretagoiena Izeta II.aren errekorra aise gainditu zuen, 31 aldiz jaso zituelarik harriak zarauztarrak (16 aldiz jaso zuen Jai Txiki harria, eta 15 aldiz Mollarri)

Argazkiak: Egursport

 

Zarautz Kirol Elkarteko Herri Kirolak sailak antolatua, Zarauzko Bi Harri Txapelketaren edizio berri bat jokatu zen 2021eko abuztuaren 1ean, Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan, 18:30tatik aurrera, urtero lez bi harri baldar, Jai Txiki eta Mollarri,  jaso behar izan zituztelarik parte hartzaileek.

Gizonezkoetan, bosgarren aldiz jokatu zen txapelketa, 117 eta 119 kiloko harriak altxatu behar izan zituztelarik ahal beste alditan, zazpi minutuan. Ondoko harri-jasotzaileek hartu zuten parte: Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a, Mikel Lopetegi Urra, Jesus Mari Iruretagoiena Izeta III.a, Iñigo Eizagirre Eiza, Gorka Etxeberria, Aimar Galarraga, Jokin Eizmendi eta Pedro Azpiazu.

Garaipena eskuratzeaz aparte, Urrak marka berria egin zuen, Jose Ramon Iruretagoiena Izeta II.ak egindakoa aise gainditu zuelarik. 25 altxalditan zegoen ezarrita errekorra, eta 31 aldiz jaso zituen harriak zarauztarrak (16 aldiz jaso zuen Jai Txiki harria, eta 15 aldiz Mollarri). Bigarren postuan Jokin Eizmendi geratu zen 24 altxaldirekin eta hirugarren, berriz, Izeta IV.a-k egin zuen, bi harriei 22 altxaldi eginda.

Gizonezkoen sailkapena:

Mikel Lopetegi, Urra 31 jasoaldi (16 Jai Txiki+15 Mollarri)

Jokin Eizmendi 24 (12+12)

Izeta IV.a 22 (11+11)

Iñigo Eizagirre 20 (10+10)

Gorka Etxeberria 19 (10+9)

Izeta III.a 19 (10+9)

Aimar Galarraga 19 (9+10)

Paulo Azpiazu 17 (9+8)

Berrikuntza nagusia izan zen lehen aldiz emakumezkoek ere parte hartu zutela txapelketan. Ondoko lau harri-jasotzaileak atera ziren lehiara Aritzbatalden: Lucia Orbe, Karmele Gisasola, Marina Blanco eta Lierni Osa. Zazpi minuturen barruan 63 eta 51 kiloko harriei altxaldi gehien egiten zizkienak eskuratuko zuen lehen txapela.

Azkenean, Karmele Gisasola Zelai III.a-k eskuratu zuen garaipena, guztira bi harriei 23 altxaldi eginda. Estu joan zen lehia, izan ere,  Lucia Orbek egin zuen bigarren 22 altxaldirekin, eta podiuma osatzeko, oso gertu ibili zen ere Lierni Osa zarauztarra, 21 altxaldirekin. Izatez, Lur Errekondo zen lehian parte hartzekoa, baina, azkenean, Marina Blanco atera zen plazara haren ordez, hemezortzi altxaldi eginda.

Emakumezkoen sailkapena:

Zelai III.a 23 altxaldi (11 Jai Txiki+12 Mollarri)

Lucía Orbe 22 (11+11)

Lierni Osa 21 (11+10)

Marina Blanco 18 (9+9)

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!