Argazkia: carlospeña.com
Carlos Peña igerilari gipuzkoarra abentura berri batean murgildu da eta arrakasta handiz osatu du, Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkartearen omenez, 25 orduz igerian eginiko zeharkaldia.
Urumea ibaitik egindako zeharkaldiari minbizia duten pertsonak omentzeko asmoarekin ekin zion Peñak. Berak azaldu duenez, zeharkaldi honen bidez, bere helburua minbizia duten pertsona eta familia guztiei laguntzea da, izan ere, gaixotasun horrek, era batera edo bestera, denoi eragiten digu, bai pertsonalki bizitzeagatik, bai minbizia duten gertuko pertsonei laguntzen ari garelako. “Hau da laguntzeko eta, nolabait, omentzeko nire modua», gaineratu zuen Peñak.
Tolosako igerilaria, pasa den larunbatean, 13:00etan irten zen Ur Kirolak Klubak Donostiako Loiola auzoan duen egoitzatik, eta 25 orduz etengabe igerian aritu ostean, abiatutako puntu berean amaitu zuen erronka igandean.
Sasoiko heldu zen erronkara tolosarra eta gainera ondo ezagutzen duen ibilbidea zen. Aipatzekoa da, zeharkaldia 24 ordukoa zen arren, Carlos Peñak 25 orduz igeri egin zuela etengabe, neguko ordutegira egindako ordu aldaketak ariketa erdian harrapatu baitzuen.
Balentria amaitu ondoren, elkarteko boluntarioek, lagunek eta senitartekoek ongi etorri beroa eman zioten igerilariari. Nekatuta eta hunkituta iritsi zen tolosarra amaierara, eta eskerrak eman zizkien bukatzean zain zituen pertsonei, eta erronka honekin bere helburua bete ahal izatea espero duela nabarmendu zuen.
Era berean, Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteko ordezkariek eskerrak eman zizkioten Carlos Peñari egindako ahaleginagatik eta azaldutako babesagatik.
Erronkaren antolaketan Ur Kirolak-ek parte hartu du bere instalazioak utzita eta Lodosatik hainbat lagun hurbildu ziren igerilariari laguntzeko eta animatzeko.
Munduko errekorrak eta gehiago
Carlos Peña mota horretako probetan beteranoa da 57 urterekin. Beste balentria batzuen artean, 2021ean 24 orduko zeharkaldia egin zuen Gipuzkoako erizainei eskerrak emateko, pandemian egindako lanagatik. Era berean, munduko bi errekor ditu bere palmaresean.
0 Comments