Argazkia: Joseba Ostolaza Harri Eskola
Pasa den larunbatean, hilak 27, jokatu zuten Elgoibarko Harri Jasotze Txapelketaren XXII. edizioa herriko plazan, Belaustegi eta Mintxeta harriekin, eta Eizmendik lortu zituen jasoaldi gehien, 30ekin.
Zortzi harri jasotzaileek hartu zuten parte aurtengo lehian, ia denak Izetaren eta Ostolazaren eskolakoak: Xabat Olaizola, Jokin Eizmendi, Imanol Royo Lartain, Aimar Galarraga, Paulo Aspiazu, Mikel Lopetegi Urra, Beñat Telleria eta Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a.
Bi harri baldarrekin egin behar izan zituzten lanak, Belaustegi (145,4 kilo) eta Mintxeta (124,6 kilo) harriekin, bakoitzarekin 5 minutuko txanda osatuz.
Denek ere lan bikaina egin zuten, baina Jokin Eizmendi zarauztarra nabarmendu zen, 30 jasoaldirekin, altxaldi kopuru horrekin, Joxe Ramon Iruretagoiena Izeta II.a-k ezarrita zeukan marka berdindu zuelarik. Edonola ere, antolatzaileak ez zeuden seguru harrien jasoaldiak nola izan ziren sasoi hartan.
Bigarren postuan, Mikel Lopetegi Urra geratu zen 24 jasoaldirekin, eta hirugarren, berriz, Beñat Telleria 20 jasoaldirekin. Gainerako parte hartzaileak 20 altxalditik behera geratu ziren. Imanol Royo, 10 altxaldi burututa, izan da Orain arte harri hoiek jasotako harrijasotzailerik gazteena.
Sailkapena
- Jokin Eizmendi: 30 altxaldi (13 Belaustegi / 17 Mintxeta)
- Mikel Lopetegi Urra: 24 altxaldi (10 Belaustegi / 14 Mintxeta)
- Beñat Telleria: 20 altxaldi (6 Belaustegi / 14 Mintxeta)
- Paulo Azpiazu: 19 altxaldi (3 Belaustegi / 16 Mintxeta)
- Aimar Galarraga: 18 altxaldi (8 Belaustegi / 10 Mintxeta)
- Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a: 16 altxaldi (5 Belaustegi / 11 Mintxeta)
- Xabat Olaizola: 15 altxaldi (3 Belaustegi / 12 Mintxeta)
- Imanol Royo Lartain: 10 altxaldi (2 Belaustegi / 8 Mintxeta)
Joxerramon Iruretagoiena, ezizenez Izeta II.a (Aia, Gipuzkoa, 1967ko martxoaren 12a) sega-jokoan aritu izan zen gaztetan baina gero harriari ekin zion. 150 txapelketatik gora irabazi zituen eta erretiratu zenean hamasei errekor zituen, batez ere 100 eta 138 kiloko harri kubikoarekin. Erretiratzeko 50-50-50 marka egin zuen Zarautzen, hau da, 50 urte beteta 100 kiloko kubikoari 50 jasoaldi eta 100 kiloko zilindrikoari 50 jasoaldi.
Elgoibarko Txapelketan, 2013ko abuztuaren 31n erdietsi zuen aurten Eizmendik berdindutako errekorra, orduko sailkapena honela geratu zelarik:
1.- Jose Ramon Iruretagoiena “Izeta II” 30 altxaldi (10 + 20)
2.- Joseba Ostolaza 28 altxaldi (11 + 17)
3.- Iban Ugartemendia 22 altxaldi (9 + 13)
4.- Hodei Iruretagoiena “Izeta IV” 17 altxaldi (6 + 11)
5.- Jesus Mari Iruretagoiena “Izeta III” 16 altxaldi (2 + 14)
6.- Bernardo Ureta “Urpe” 8 altxaldi (2 + 6)
0 Comments