Argazkia: euskadikohalterofilia.org
Pasa den larunbatean, azaroak 5, 17 urtez azpiko Euskadiko Halterofilia Txapelketa jokatu zuten Basaurin non Eki Lizaso Bringas nagusitu zen. Danok Danena taldeko pultsulariak, txapelketa irabazteaz gain, Euskal Herriko 4 errekor berri ezarri zituen.
Hain zuzen ere, 96 kiloko kategorian ondorengo markak ezarri zituen: 125 kilo abiadan, 155 kilo bi denboratan, eta 275 kilo eta 280 kilo total olinpikoan. Danok Danenatik adierazi dutenez, kontuan izan behar da ezarritako marka hauek nazioarteko mailakoak direla eta beraz Euskal Herriko errekorrak ere badirela.
Ez dugu ahaztu behar gaztetxo honek 2 urte besterik ez daramatzala halterofilia praktikatzen, izan ere, iaz hasi zen kirol arlo honetan eta orduan ere Euskadiko txapelketa irabazi zuen bere kategorian.
Kirolzale eta abenturazale familiatik dator Eki eta sei urte soilik zituenean, Lur arrebarekin zein Mikel eta Rosa gurasoekin, Erdialdeko Europa osoan eta Zelanda Berrian ibili zen bizikletaz egindako 2.000 kilometroko bidaian.
Azpimarratzekoa da, Ekaitz Cortajarenak eta Jon Ander Iriartek zuzendu zutela Eki maisuki txapelketa osoan. Bi hauek esperientzia haundia daukate, oso gaztetatik ari baitira taldean eta, txapelketa askotan hartu dute parte. Orain entrenatzaile lanak egiten hasiak daude eta datorren erreleboa izan daitezke. Zorionak bai Ekiri bai bi prestatzaileei, egin duten talde lan onagatik.
Irunen izango da hurrengo hitzordua, abenduaren 3an; Gipuzkoako Taldekako Emakumezko eta Gizonezkoen Txapelketa jokatuko dute.
0 Comments