Eki Lizasok lau marka berri ezarri ditu

2022.12.26 | EHKM, Errekorrak, Gizonak, Markak

Pultsulari onena izan da 17 urtez azpiko txapelketan eta 127 kilo abiada modalitatean, 156 kilo bi denboratan, eta 276 eta 283 total olinpikoan erdietsi zituen errekorrak

Argazkia: euskadikohalterofilia.org

 

Abenduaren 17an Arucasen (Kanaria uharteak), Espainiako 17 Urtez Azpiko Txapelketa izan zen jokoan. Bertan Danok Danena taldeko pultsularia den Eki Lizaso Bringas gaztea aritu zen lehian eta 96 kiloko kategorian txapelduna izan zen. Lau marka berri ezarri zituen, 127 kilo abiada modalitatean, 156 kilo bi denboratan, eta 276 eta 283 total olinpikoan (kontuan izan behar da ezarritako marka hauek nazioarteko mailakoak direla eta beraz Euskal Herriko errekorrak ere badirela).

Hori gutxi balitz, txapelketako kategoria guztietako markarik onena lortu zuen, txapelketa osoko altxatzaile onena bihurtu zelarik. Lizasorekin batera entrenatzaile moduan berarekin batera joan zen Ekaitz Kortajarenaren jarduna goraipatu dute klubetik: «Egin zuen lana perfekziora bideratu zuen».

Urtea bukatzear dagoen honetan, Danok Danena kluba pozik dago lortzen ari diren emaitzekin eta belaunaldi erreleboarekin. «Ea ba gaztetxoak animatzen diren olinpiarra den kirol hau praktikatzera eta jarraitzen dugun orain arte bezala emaitza onak lortzen», zehaztu dute klubetik.

Gogoan hartu behar da, pasa den azaroaren 5ean, 17 urtez azpiko Euskadiko Halterofilia Txapelketa jokatu zutela Basaurin non Eki Lizaso nagusitu zen ere. Danok Danena taldeko pultsulariak, txapelketa irabazteaz gain, Euskal Herriko 4 errekor berri ezarri zituen 96 kiloko kategorian: 125 kilo abiadan, 155 kilo bi denboratan, eta 275 kilo eta 280 kilo total olinpikoan.

Ez dugu ahaztu behar gaztetxo honek 2 urte besterik ez daramatzala halterofilia praktikatzen, izan ere, iaz hasi zen kirol arlo honetan eta orduan ere Euskadiko txapelketa irabazi zuen bere kategorian.

Kirolzale eta abenturazale familiatik dator Eki eta sei urte soilik zituenean, Lur arrebarekin zein Mikel eta Rosa gurasoekin, Erdialdeko Europa osoan eta Zelanda Berrian ibili zen bizikletaz egindako 2.000 kilometroko bidaian.

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!