Argazkia: redbullxalps.com
Elisabeth Egger (AUT4) pasa den asteazkenean sartu zen historia liburuetan, Red Bull enpresak antolatzen duen X-Alps muturreko proba osatu zuen lehen emakumea izan baitzen, orotara 1.223 kilometro egin zituelarik, oinez, korrika eta parapentean Alpeak zeharkatzen.
X-Alps lasterketak hogei urte bete ditu aurten. Bi urtean behin jokatzen da, eta abenturazko munduko lasterketa gogorrena bezala hartzen da.
Aurten, irteera puntua Austriako Kitzbuhel-Kirchberh herria izan du. Ondoren, Alemaniako, Suitzako, Frantziako eta Italiako mendi garaienen ingurumarian ibili da. Amaiera, berriz, Austriako Zell am See herrixka izan du.
Aurtengo ekitaldian 18 herrialde ezberdinetako 32 kirolarik hartu dute parte. Horietako hamazazpik ondo ezagutzen zuten X-Alps hitzorduak eskatzen duena. Hots, beteranoak ziren. Beste hamabostek lehen aldia zuten muturreko kirol egitasmo horretan.
Antolatzaileek jakitera eman zutenez, lasterketaren historian, zortzi neska izan dira abentura honetan parte hartu dutenak, aurten lau neska irteera puntuan izan zirelarik. Horien artean, Egger izan da orainarte lasterketa bukatu duen emakumezko bakarra, ibilbidea osatzeko hamaika egun behar izan zituelarik 28 urteko kirolariak.
Elisabeth Egger 1995. urteko otsailaren 24an jaio zen eta 15 urterekin hasi zen parapentea egiten (gaur egun modalitate horretako instruktore gisa lan egiten du) baina kirolari petoa da, besteak beste, mendiko txirrindularitza, mendi-ibiliak/mendizaletasuna, eskalada (kirola, arroka, hainbat luzetakoa, boulderra), mendiko lasterketak, mendiko eskia, snowboarda, eta ekitazioan aritzen delarik.
Bestalde, gizonezkoen kategorian ez zen ezustekorik izan. Chrigel Maurer suitzarrak erakutsi zuen onena dela. Zortzigarrenez, X-Alps irabazi zuen 40 urteko beterano horrek, gainera, errekorra ezarri zuen: sei egun behar izan zituen 1.223 kilometroak egiteko.
0 Comments