Emakume harri-jasotzaileak, markak hausten

2022.07.26 | Emakumeak, Herri kirolak, Markak

Azken urtean emakumezkoen harri jasotze esparruan berpizkundea eman da, erronka berriei ateak irekiz

Azken urtean emakumezkoen kopuruak gora egin du harri jasotze esparruan, gero eta gehiago direlako harria jasotzera animatzen direnak, emakumeak plazan herri kiroletan ikustea arraroa zen garaia atzean utzita.

Arrazoiak ezberdinak dira, esaterako, erakundeak eta federazioak emandako laguntza kirolean gizon eta emakumeen arteko parekidetasuna lortzeko,  Joseba Ostolazaren Harri Eskola bezalako ekimenak eta emakumeei egokitutako arautegia zein txapelketak eta harriak sortu izana.

Pasa den igandean, uztailaren 24an, Aritzbatalde pilotalekuan lehiatu zen Zarauzko Bi Harri Txapelketa  gorakada horren lekuko argia da.

Bertan, aurten ere emakume zein gizonezkoen lehia egon zen eta lehenengo aldiz, gizon adina emakume aritu ziren, seina gizonezko eta emakumezko atera baitziren plazara.

Emakumezkoen kasuan, bigarren edizioa izan da aurtengoa, iaz Zarautzen jokatutakoa izan zelarik emakumeek harri baldarrekin inoiz jokatutako lehen txapelketa.

Emakume harrijasotzaileak zazpi minutuko saioan aritu ziren Jai Txiki (63 kilo) eta Mollarri (51 kilo) harriekin, horiek tartekatuz. Zelai III.a mallabitarrak lortu zituen jasoaldi gehien, 33, Jai Txiki harriarrekin 16 altxaldi burututa eta Mollarrirekin 17. Gisasolak bere  iazko marka puskatu zuen, emakumezkoen lehia aurrenekoz jokatutakoan baino hamar altxaldi gehiago eginda.

Bigarren posturako lehia bizia egon zen, izan ere, Lur Errekondo usurbildarrak (14+14) eta Ainitze Zumeta zarauztarrak (14-14) 28rekin berdindu zuten, baina Zumeta bietan arinena denez, beretzat izan zen bigarren postua. Lierni Osak (12+12) laugarren bukatu zuen 24 altxaldirekin, eta Marina Blanco valentziarrak bosgarren, jasoaldi bat gutxiagorekin 23 (11+12). Udane Ostolaza izan zen txapelketako gazteena, eta seigarren bukatu bazuen ere, saio serioa osatu zuen, 19 altxaldirekin (9+10).

Gizonezkoen lehian, Mikel Lopetegi Urrak jantzi zuen txapela 28 jasoaldi gauzatuta (14+14), baina berak iaz ezarritako errekorretik hiru altxaldira geratu zen. Orduko hartan, Urrak Jose Ramon Iruretagoiena Izeta II.aren  marka hobetu zuen, eta ez nolanahi: 25 altxalditan zegoen errekorra, eta Urrak 31 altxaldi egin zituen.

Abuztuaren 13an, berriz, Igeldoko Harria txapelketa jokatuko dute Igeldo harri baldarrarekin, eta lehen aldiz, emakumezkoen lehiaketa ere izango da. Txapelketan sei gizonek izena eman dute eta hamar emakumek, beraz, aurtengoan emakume gehiago izango dira, arestian aipatu berpizkunde horren adierazle.

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!