Argazkia: baskonia.com
Errekorren denboraldia izan da honakoa talde gasteiztarrarentzat, ilusioa itzuli dielarik aurten Baskoniako zaleei , nahiz eta, azken urratsean errematatzerakoan huts egin.
18 garaipen eta 16 porroteko balantzearekin, Europako denboraldi zirraragarria sinatu zuten Joan Peñarroyaren gizonek. Lehen 33 jardunalditan zortzi talderik onenen artean kokaturik egon ondoren, azken partidan gelditu ziren hurrengo fasetik kanpo. Liga erregularra puntuen (86,7) eta hiruko saskiraketen (367) lidertzan amaitu zuten arabarrek. Honez gain, asistentzien (19,7) eta balorazioko (97,9) sailkapenean hirugarren amaitu zuten.
Ligako datuei erreparatuta, 28 garaipen eta 6 porroteko balantzearekin, 04-05 denboralditik ematen ez zen marka, sailkapeneko bigarren postuan amaitu zuen Baskoniak. Gainera, denboraldi erregularra bost atal estatistikoen (balorazioa, puntuak, asistentziak, hiruko jaurtiketak eta hirukoen portzentaian) lidertzan amaitu zuen.
Errekorrei dagokionez, Ligako historiako denboraldi erregular batean sartutako hirukoen markarik onena ezarri dute (419). Gainera, aurretik klubak erregistratutako markarik onenak gainditu ziren: bederatzi aldiz gainditu zen 100 puntuko langa, 33 asistentzia eman ziren Euroleagueko partida batean, 120 puntuak gainditu ziren Europako txapelketako norgehiagoka batean eta 19 hiruko erdietsi ziren Euroleagueko lehia bakar batean.
Banakako atalean, Cazoo Baskoniako hiru jokalarik gainditu zituzten orain arteko markarik onenak. Darius Thompsonek 16an jarri zuen Europako txapelketako partida batean banatutako asistentzien muga. Erreskadan 15 jaurtiketa libre sartu zituen Daulton Hommesek, Macijauskasen zenbakiak gaindituz. Eta Markus Howardek 9 hiruko sartu zituen Europako txapelketako partida batean.
0 Comments