Euskal Pentatloiaren finala larunbatean lehiatuko da

2023.09.21 | EHKM, Errekorrak, Herri kirolak, Markak

Bertan guztira sei herri kirolari arituko dira nor baino nor gehiago txapelaren bila: Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a, Xabier Zaldua, Xabat Olaizola, Ioritz Gisasola Zelai IV.a, Aritz Irazabal eta Julen Kañamares

Argazkia: egursport.com

 

2018an txapelketa berrartu zutenetik seigarren edizioa izan da aurtengoa (aro modernoko seigarrena eta orotara banakako pentatloiaren 11. ekitaldia), eta dagoeneko finalaren atarian gaude, zeina larunbat honetan lehiatuko den Azpeitiako zezen plazan. Bertan guztira sei kirolari arituko dira nor baino nor gehiago txapelaren bila: Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a aiarra, Xabier Zaldua zumarragarra, Xabat Olaizola zarauztarra, Ioritz Gisasola Zelai IV.a mallabiarra, Aritz Irazabal ugaoarra eta Julen Kañamares arostegiarra.

Azkeneko finalaren aldean, Olaizola eta Kañamares dira aldaketak; aurrena, gainera, lehendabiziko aldiz lehiatuko da finalean. Kanporaketan sailkatutako hurrenkeraren arabera ariko dira: Zelai IV.ak, Irazabalek eta Kañamaresek lehen txandan neurtuko dituzte indarrak; eta Izeta VI.ak, Zalduak eta Olaizolak bigarrengoan.

Honakoak izango dira parte hartzaileek osatu beharreko lanak: 100 kiloko bola 25 aldiz altxatu, 400 kiloko harriarekin bi plaza egin, hiru kanaerdiko ebaki, 50 kiloko txingekin sei plaza egin eta amaitzeko hiru kilometro osatuko dituzte korrika (30 itzuli).

Oso final gogorra eta parekatua espero da baina Izeta VI.a (Aia, 1977) dugu faborito nagusia, izan ere, berriki izandako kanporaketan,  aise nagusitu zen, Arria II.aren 1983ko errekorra gaindituta gainera. Finala irabaziko balu, Olasagati eta Zaldua berdinduko lituzke, jantzitako txapelen kopuruan.

Izeta VI.a iritsi baino lehen, Zaldua (Zumarraga, 1977) zen pentatloiko nagusia; hark irabazi zituen aro modernoko lehen hiru txapelak: 2018an, 2019an eta 2020an. 2021ean ez zen aritu, eta iaz hirugarren izan zen. Zalduak hiru aldiz irabazi du txapelketa eta laugarrengoz irabaziko balu Olasagasti gaindituko luke.

Sarrerak Azpeitiko Mendizabal erretegian jarri dituzte salgai. Larunbatean leihatilan erosi ahal izango dira, 20:00etatik aurrera. Finala ETB1ek emango du, zuzenean.

Kanporaketetako Markak

  • Jose Ignazio Orbegozo Arria II.a.07 (1983).
  • Xabier Zaldua  12.12 (2022).
  • Joxe Mari Olasagasti  12.14 (1983).
  • Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a.  12.22 (2022).
  • Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a.  12.29 (2021).
  • Zaldua  12.50 (2020).
  • Joseba Otaegi.  13.09 (2021).
  • Julen Gabirondo.  13.21 (2022).
  • Aitzol Atutxa.  13.22 (2022).
  • Jose Antonio Gisasola Zelai.  13.25 (1983).
  • Ioritz Gisasola Zelai IV.a.  13.27 (2022).
  • Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a. 11.48 (2023)

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!