Eva Esnaolak ausardia berria burutu du

2022.09.21 | Atletismoa, EHKM, Emakumeak, Errekorrak, Errrekor berria

Veronan lehiaturiko 24 orduko Europako Txapelketan, 216,455 kilometro egin zituen, 61 urterekin, 60 urtetik gorakoentzako munduko errekorra ezarrita

Argazkia: donostiarrak.com

 

Ultrafondista hernaniarrak marka berria egin zuen iragan asteburuan Veronan lehiaturiko 24 orduko Europako Txapelketan, 216,455 kilometro egin baitzituen, 61 urterekin, lasterketako 26. postuan amaituta. Hartara, 60 urtetik gorakoentzako munduko errekorra ezarri zuen 24 orduetako modalitatean, duela gutxitik World Athletics-en babespean dagoen diziplina. Marka horrekin, sei kilometrotan gainditu zuen horrelako proba bati aurre egin zion azken aldiko erregistroa.

Lasterketa hilaren 17an hasi zen, goizeko 10:00etan, eta hurrengo egunean amaitu zen, ordu berean, 24 orduz korrika aritu zirelarik 1.525,48 metroko zirkuituan. Guztira, Europako hainbat nazionalitatetako 96 emakumek eta 120 gizonek hartu zuten parte.

Esnaolak dagoeneko 53 maratoi ditu hanketan bere ibilbide osoan zehar eta aurten zazpi maratoi korritu ditu jadanik. 2010ean burutu zuen 24 orduko lehen lehiaketa, egun oso bat Bartzelonan korrika, 214 kilometro egin zituelarik orduko hartan.

Veronan bere arreba Idoiaren animoak jaso zituen, asteazkenean bidaiatu baitzuen Italia aldera. Idoia Esnaolak mapetan aurkitzea kostatzen den maratoietan parte hartzeko ohitura du: Toral de los Vados, Aranda de Duero, Aguilar de Campoo, Membrilla, Atarfe eta Palentziako maratoiak, besteak beste.

Zazpi maratoi inguru egin ditu urtero, eta Madril, Gasteiz, Bilbo, Sevilla, Valentzia, Erroma, Iruñea, Palma, Zurich, Tarragona, Zaragoza, Granada, Burgos, Toledo edota Jaengo probetan aritutakoa da.  Gaspar Esnaola anaiak, berriz, birritan irabazi du Donostiako maratoia.

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!