Argazkia: klasikoa.eus
Aurtengo ediziorako proposatutako trazadura iazkoaren desberdina zen, 230,3 km eta 7 mendate puntuagarrirekin: Meaga (hirugarren kategoria) eta Iturburu (bigarren kategoria), esaterako, hasierako kilometroetan; ondoren etorri ziren Alkiza (hirugarren kategoria), Jaizkibel (bigarren kategoria) eta Erlaitz (lehen kategoria); Mendizorrotz (bigarren kategoria) eta Murgileko (bigarren kategoria) lasterketako azken mendateak izan zirelarik.
Irabazteaz gain, erakustaldia eman du Evenepoelek. Helmugarako 75 kilometro faltan jo du lehenbiziko erasoa, Erlaitzen gora, eta taldetxo bat osatzea ahalbidetu du horrek. Bilbaoz gain, Aleksandr Vlasov (Bora) eta Alberdo Bettiol (Education) batu dira ihesaldira. Lauren artean egin dute bidea, tropelarekiko minutu inguruko aldea lortuz, baina Mendizorrotzen gora beste galbahea pasatu dute Evenepoelen erasoek. Buruan txapelduna bera, Bilbao eta Vlasov geratu dira, eta jakina zen garaipena hiruren arteko kontua izango zela. Txapeldunaren abiadurari eusten nahikoa lan izan dute Bilbaok eta Vlasovek, eta soilik euskal herritarrak lortu du helburua.
Azkenean, pronostikoei eutsiz, Remco Evenepoelek (Soudal Quickstep) irabazi du Donostiako Klasikoaren 43. ekitaldia, hirugarren aldiz. 2019ko eta iazko garaipenen ondotik, munduko txapelduna zen faboritoa aurten ere, eta ez du hutsik egin.
Marino Lejarretak jantzi dio txapel preziatua, haren errekorra berdindu ondoren. Lejarreta zen orain artean Donostiako Klasikoan garaipen gehien zuen txirrindularia, baina gaurtik aurrera Evenepoel izango du parean.
SAILKAPENA
Lehen sailkatua: Remco Evenpoel (SOQ, 1)
Bigarren sailkatua: Pello Bilbao (TBV, 141)
Hirugarren sailkatua: Alexander Vlasov (BOH, 57)
Mendiko sariaren irabazlea: Romain Bardet (DSM, 71)
Esprint irabazlea: Alexander Vlasov (BOH, 57)
Gazterik onena: Juan Ayuso (UAD, 171)
Euskaldunik onena: Pello Bilbao (TBV, 141)
Talderik onena: UAE Team Emirates
Saiatuena: Romain Bardet (DSM, 71)
0 Comments