Argazkia: ezkio.eus
San Migel jaiak ospatu berri dira Ezkion, iragan ostiralean hasi eta astelehenera bitartean luzatu zirelarik aurtengo festak. Kirol probek, bazkari herrikoiak, musikak, txapelketek eta erakustaldiek osatu zuten egitaraua, besteak beste.
Kirolari dagokionean, igandean lehiatu zen Izazpiko igoera proba da nabarmendu beharreko beste bat. Aurtengoa zazpigarren edizioa izan zen eta esan bezala maiatzaren 7rako antolatu zuten, 11:00etan hasita. Aurrez, 10:30ean haurren lasterketaren txanda izan zen.
Proba ohikoa izan zen, 6,3 kilometro luzeko ibilbidearekin, Ezkiotik Izazpiko gainera artekoa eta buelta. Iaz, Oier Elorza azkoitiarra eta Igone Campos zumarragarra izan ziren probaren irabazleak. Lehenak 34 minututan osatu zuen 6,3 kilometroko ibilbidea, eta bigarrenak, berriz, 42 minutu eta 57 segundo behar izan zituen.
Antolakuntzatik jakitera emanda zutenez, errekor berria erdiesten zuenarentzat 500 euroko saria zegoen, izan ere, 1982an Juan Mari Garinek ezarritako 31 minutu eta 26 segunduko errekorra ez du oraindik inor hobetzerik lortu.
Azkenean, Mikel Fernandez ezkiotarra eta Mayi Mujika elgoibartarra izan ziren irabazleak baina aurtengoan ere inor ez zen 40 urte daramatzan marka hausteko gai izan. Urtero-urtero ea urte horretakoa izango ote den lorpen honen testigu aritzen dira herritarrak baina hala ere, beste urte batean izan beharko du, aurtengo lehen sailkatua 36 minutu eta 46 segunduan iritsi baitzen.
Goizeko 11:30etan abiatu ziren korrikalariak Argindegi Ostatu paretik eta Izazpira igo eta bertara itzuli ziren. 18 korrikalarik hartu zuten bertan parte eta ordubetetik beherako denboran egin zuten ibilbidea guztiek. Gizonezkoetan, Mikel Fernandez ezkiotarra gailendu zen eta emakumezkoetan, berriz, Mayi Mujika elgoibartarra nagusitu zen, 41 minutu eta 35 segunduko denborarekin.
SAILKAPENA
Emakumezkoak:
Mayi Mujika Errasti
Ione Cerezo Sanz
Ane Bastarrika Larrañaga
Gizonezkoak:
Mikel Fernandez Atxa
Jon Lasa Anduaga
Yelko Pardiñas Garcia
0 Comments