Gari Iruretagoienak errekorra egin du apnea estatikoan

2023.04.10 | EHKM, Errekorrak, Errrekor berria, Igeriketa

Zizurkildarrak txapelketako hiru probak irabazi zituen, eta aurretik berak egina zuen marka hobetu zuen, zazpi minutu eta 26 segundotan utziz

Argazkia: ehuif-fvas.org

 

Gari Iruretagoiena zizurkildarra hirugarren aldiz segidan gailendu da Euskoapnea txapelketan. Hiru proba ditu txapelketa horrek, eta hiruretan irabazi ondoren eraman du sari nagusia. Apnea estatikoan zazpi minutu eta 26 segundoko marka egin zuen, Euskadiko marka berria eginez. Bi proba dinamikoetan, berriz, 136 metro egin zituen hegatsik gabe eta 165 metro bi hegatsekin.

Apnea estatikoan arnasari ahal den gehien eutsi behar diote, eta igerilekuan buruz behera egoten dira. Oraingoan 7.26 egin du zizurkildarrak, eta aurretik ere berea zen Euskadiko marka, 7.14ko denborarekin. Entrenamenduetan zortzi minutuetara iritsi da, baina ez zuen horraino iritsi nahi txapelketan. Oso erraza da hiru probetako batean huts bat egitea, eta bere helburua txapelketa irabaztea zenez ez zuen gehiegi arriskatu eta indarrak gorde zituen beste probetarako.

Laguntzaile bat izaten dute ondoan, eta berak denbora esaten dio eta erlaxatzen laguntzen dio. Iruretagoienaren kasuan bere anaia Imanol du ondoan, egiten ari den denbora esanez eta apnea horren bukaeran eraman behar diren segurtasuneko protokoloak betetzen laguntzen.

Proba dinamikoetan, arnasaldi batekin igerilekuan zenbat metro egiten dituzun hartzen da kontuan. Hegatsik gabe bular estiloan egiten dute igeri. Bestean, izenak dioen moduan, bi hegatsen laguntzarekin aritzen dira. Hegatsik gabekoan bere marka den 140 metroetatik gertu geratu zen Iruretagoiena. Hegatsekin egiten den proban bere marka 180 metrokoa da, baina azkeneko proba izaki, nahikoa zuen 150 metro egitea txapeldun izateko, eta ez zuen behartu nahi izan. Metro horiek denak egiteko, igerilekuan buelta eman behar dute eta pareta erabili dezakete bultzada hartzeko. Hala ere, ez da ematen duen bezainbesteko laguntza. 50 metroko igerilekuetan, bultzada gutxiago hartzen dituzu, eta normalean igerileku horietan marka hobeak ateratzen dira. Azkenean, itzulia ematerakoan erlaxazioa pixka bat apurtzen zaizu, bira egin behar duzu, eta hor galdu egiten duzu. Beraz, bultzadan irabazten duzuna, itzulia egiten galtzen duzu.

Euskoapnean lau aldiz aurkeztu da Iruretagoiena. Lehenengo urtean hasiberria izatea ordaindu zuen. Lehen proban ez zuen protokoloa ondo bete eta deskalifikatu egin zuten. Orain bi urte egin zuen hurrengoa, eta ordurako pixka bat gehiago ikasi zuen nola izaten den txapelketa. Orduan irabazi egin zuen, iazkoa ere bai, eta aurtengoan hirugarren aldiz jarraian lortu du txapela. Euskoapnea irabazita, Espainiako Txapelketan parte hartzeko aukera izango du zizurkildarrak. Apirilaren 21etik 23ra izango da, Oviedon (Espainia), eta horretarako prestatzen ari da orain.

Munduko Txapelketa batean ere izan da zizurkildarra. 2021ean izan zen, Belgraden, Estatu mailako Txapelketa irabazi eta gero. Esperientzia ederra izan zen astebetez Belgraden munduko apnealari onenez inguratuta egotea baina emaitzak ez ziren nahi bezalakoak izan. Apnea estatikoan dominetara gerturatu nahi zuen, baina ez zuen denbora oso ona egin.

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!