Argazkia: BAT Basque Team
Garoa Martinezek 8. postua eskuratu du Erevanen (Armenia) jokatu den Europako halterofilia txapelketan. 64 kilo baino gutxiagoko kategorian, bermeotarrak 90 kilo altxatu ditu kolpe batean, eta 112 kilo, berriz, bi kolpetan, eta errekorra hobetu du horrela, guztira 202 kilo altxatu baititu.
Europako txapelketa Parisko 2024ko Olinpiar Jokoetarako sailkatzeko baliagarriak diren zazpi lehiaketetatik bigarrena da. 2023 eta 2024ko Europako txapelketak, 2022 eta 2023ko Munduko txapelketak, 2024ko apirileko Munduko Kopa eta 2023ko Grand Prix I eta II txapelketak dira 2024ko Jokoetarako puntuak ematen dituztenak.
Garoa Martinezen helburua argi geratu zen 2021ean Moskun jokatutako Europako Txapelketan hamalaugarren izan zenetik. Harrezkero, xede garbi bat jarri zion bere buruari: goi mailan hobetzen jarraitzea, bere balioa erakusteko, eta hala egiten ari da. 2022an, oraingoan Tiranan (Albania), berriz ere arratsalde pozgarria eman zigun, Europako zortzigarren postua lortuz ‘Abiadan’, hamalaugarren postua ‘Bi Denboratan’ eta hamargarren postua ‘Guztizko olinpikoan’, sailkapen orokorrean.
Egunotan ordea, beste kapitulu bat idatzi du bere kirol ibilbidean, orain arteko markak gainditu eta zortzigarren amaitu baitu Nuray Gungor turkiarrak irabazitako Europako Txapelketan.
Garoak B multzoko lehen postua lortu zuen, emaitzak oso onak erdietsiz, baina A multzoko emaitzei itxaron behar izan zien txapelketako azken postua jakiteko. Garoak bazekien hamargarren izango zela, gutxienez, baina A taldearen emanaldiaren ondoren beste bi postu igo zituen.
Kirola beti egon da Garoa Martinezen bizitzan (Bermeo, 1997). Judo, eskubaloi eta gimnasia erritmikoarekin probatu zuen urteetan, eta Gasteizera iritsi zenean, CrossFita ezagutu zuen, eta gerora, baita halterofilia ere.
Ahalegin handiarekin, entrenamenduak eta lan-arloa uztartuz, emaitzak iristen hasi ziren. Bermeotarra estatu mailan nabarmentzen hasi zeneta ondoren nazioarteko hitzorduak iritsi ziren. Bere nazioarteko lehen esperientzia absolutu garrantzitsua lehen aipatutako Moskuko Europako txapelketa izan zen, non hamalaugarren amaitu zuen, 182 kilo altxatuz ‘Guztizko Olinpikoan’, 82 ‘Abiada’ modalitatean ‘eta 100 ‘Bi Denbora’ modalitatean. Urte bat geroago, 2022an, ‘Abiada’ izeneko modalitatean, bere marka pertsonal bikaina erdietsi zuen, 90 kilo, eta bere fetitxea den den ‘Bi Denboratan’ 105 kilo lortu zituen, guztira 195.
0 Comments