Gorostidi Harriaren hamabosgarren edizioa lehiatu zen igandean Adunan

2023.04.25 | EHKM, Errekorrak, Erronkak, Harri-jasotzea, Herri kirolak, Markak

Txapelketaren barruan erronka bereziak izaten dira urtero, eta aurtengoan ere bi izan dira, Iñaki Gorostidi adunarrak lortu zituen marken haritik

Argazkia: egursport

Pasa den igandean lehiatu zen Adunako frontoian Gorostidi Harria Txapelketaren XV. edizioa, non puntako zortzi harri-jasotzaile aritu ziren Adunako frontoian, azken urteetan osatutako txapelketa honetako formatuari jarraipena emanez: bi urte jarraian irabazle izan den Jokin Eizmendi, Jon Unanue Goenatxo III.a, Iñigo Izagirre, Aimar Galarraga, Paulo Azpiazu, Gari Garmendia, Imanol Royo eta Xabier Aranburu Guzta.

Bost harri ezberdinekin aritu ziren lanean, eta harri bakoitzeko bi altxaldi egin behar izan zituen bakoitzak: 150 kiloko kubikoa, 160 kiloko zilindro zaharra, 155 kiloko errektangular zaharra, 100 kiloko bola (kolarik gabe) eta 139 kiloko harri baldarra.

Hamar jasoaldiak azkarren egiten zituenak eramango zuen txapela, eta halaxe lortu zuen Eizmendik jasoaldi guztiak minutu bat eta 55 segundoko denborarekin; iazko edizioan baino 15 segundo gehiagorekin amaitu zituen lanak aurten. Izan ere, orduko hartan berak jarri zuen errekor marka berria, 1’40tan harri guztiak altxata, eta Aimar Irigoienen errekorra zazpi segundotan hautsiz

Segundo gutxira herri kirol munduan hasiberria den Azpiazu izan zuen, bi minutu eta 32 segundoko denborarekin. Hirugarren postuan sailkatu zen Goenatxo, hiru minutu eta 33 segundoko denborarekin. Laugarren, berriz, Izagirre, hiru minutu eta 44 segundoko denborarekin. Galarragak eskuratu zuen bosgarren postua, hiru minutu eta 45 denborarekin. Seigarren Guztak egin zuen, lau minutu eta 23 segundoko denbora eginez. Hemezortzi urterekin zazpigarren egin zuen Royok, bost minutu eta 49 segundoko denborarekin sailkatuz. Eta, azken postua Garmendiarentzat izan zen.

Gorostidi Harria Txapelketaren barruan erronka bereziak izaten dira urtero, eta aurtengoan ere bi izan dira, Iñaki Gorostidi adunarrak lortu zituen marken haritik. Batetik, 185 kiloko zilindro zaharra esku bakarrez jasotzea. Bestetik, 208 kiloko zilindro zaharra bi eskuz altxatzea. Azken erronka egitea lortu zuten Eizmendik eta Guztak, eta  probaren erdibidean geratu zen Galarraga.

Gorostidi harria 185 kiloko harri zilindriko zaharra da, Iñaki Gorostidi harri-jasotzaileak esku bakar batez 1982ko maiatzaren 9an Tolosako Beotibar pilotalekuan altxatu zuena, berak 77 kiloko pisua baino ez zuelarik. Geroztik bere izena darama eta Adunako bere etxean dago. Egun hartan bertan, 208 kiloko zilindroa hiru aldiz altxatu zuen bi eskuekin.

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!