Gurutze Frades, Ironman triatloiko erregina

2022.05.3 | EHKM, Emakumeak, Errekorrak

2021ean bigarren postu bikaina lortu zuen Cozumelgo Ironmanean, Mexikon, 8:31:12ko denborarekin, 3,8 kilometroko igeriketa, 180 kilometroko bizikleta eta 42,2 kilometroko oinezko lasterketako proba mota horretako Euskal Herriko markarik onena ezarriz

Argazkia: gurutzefrades.com

 

Gurutze Frades Larralde (Iurreta, Bizkaia, 1981eko irailaren 14a) goi mailako kirolaria da, triatloian espezializatua dagoena. Bederatzi urte zituela Durangoko Tabirako S.T. saskibaloi taldean hasi zen jolasten, bertan ibili zelarik hogeita bost urte bete arte. Orduan, 2007an, hasi zen triatloian lehiatzen Mugarra Triatloi Taldearekin batera, distantzia laburrenetatik hasita.

2009. urtean egin zuen bere lehen Ironman erdia, eta 2015ean lortu zuen emaitzarik onena Ironman Zirkuituan, Vichyko Ironmanean garaipena lortuz.

Une horretan, Ironman zirkuituko lehiaketetara bideratu zuen bere jarduna eta 5 lehiaketetan 4 podium egin ondoren, Hawaiko Ironmanarentzako sailkapena eskuratu zuen.

Hawai 2016 txapelketan lortutako puntuekin, gehi Pays D ‘Aixe Ironmana, Hegoafrikako Ironmana eta Brasilgo Ironmanean pilatutakoekin, 2017an Ironmaneko Munduko Txapelketara sailkatzea lortu zuen. Brasilgo Ironmanean gainera Euskal Herriko markarik onena erdietsi zuen: 9:01:00.

2018an eta 2019an ere Ironmaneko Munduko txapelketako sailkapena lortu zuen, eta azken urte horretan Hegoafrikako Ironmanean 2. postua lortu ondoren, historiako Ironmaneko maratoi batean egindako 7. erregistro onena erdietsi zuen (2:52:41). Western Australiako Ironmanean gainera, Ironmaneko errekor berria ezarri zuen: 8:49:41.

COVID pandemiak baldintzaturiko 2020 baten ondoren, 2021ean Gurutze Fradesek bigarren postu bikaina lortu zuen Cozumelgo Ironmanean, Mexikon, 8:31:12ko denborarekin, 3,8 kilometroko igeriketa, 180 kilometroko bizikleta eta 42,2 kilometroko oinezko lasterketako proba mota horretako Euskal Herriko markarik onena ezarriz.

Bere aurreko marka 16 minututan jaitsi zuen, sekulako erakustaldia emanda: igeriketan 49.04, bizikletan 4:41:00 eta oinezko lasterketan, 2:56:03.

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!