Hillary Gerardi, Mont Blanc-eko historian emakumezko azkarrena

2023.06.26 | EHKM, Emakumeak, Errekor mundialak, Errekorrak, Errrekor berria, Mendia

36 urteko estatubatuarrak 29 minutuan ondu du 2018. urtean Emelie Fosberg-ek Alpeetako mendi garaienean eginiko errekorra

Argazkia: @Hillary_Gerardi

 

Hillary Gerardik urrezko pasarte bat idatzi berri du Mont Blanc-en: hil honen 17an, 36 urteko estatubatuarrak errekor berria ezarri zuen Mont Blanc mendian. Igo eta jaisteko, 7 ordu eta 25 minutu behar izan zituen, errekor berria ezarriz. Hori aski ez, eta 2018. urtean Emelie Fosberg norvegiarrak Alpeetako mendi garaienean eginiko denbora ia 30 minutuan hobetu zuen.

Marka izugarri azkarra da Gerardik egin duena; kontuan hartu behar dugu Chamonix-Mont Blanc-Chamonix lotura egiteko 33 kilometro eta 3.877 metroko goranzko desnibela dituen ibilbidea osatu behar direla.

Hori bai, aurreko errekorraren jabe den Emelie Forsberg-ek ez bezala, serac-en arriskuengatik, Gerardik ohiko ibilbidearen aldaera bat erabili zuen: Grands Mulets-eko ibilbideari jarraitu ordez, iparraldeko eta Bosses-eko ertzak lotu zituen. Hainbat sekzio arriskutsutan, Valentine Fabre sokakide izan zuen.

Chamonixeko St. Michel elizatik atera zen goizaldeko ordubietan eta 7 ordu eta 25 minutu beranduago, eliza hori eskuarekin ukitu eta helburuari amaiera eman zion. Mont Blanc-eko tontorra zapaltzeko, 5 ordu eta 16 minutu behar izan zituen. Ordurako, ordubeteko atzerapena zeraman Fosberg-en errekorrarekiko. Norvegiarrak, hortaz, igoera azkarrenaren ohoreari eutsi dio emakumezkoen kategorian.

Jaitsieran, estatubatuarrak seigarren martxa sartu zuen eta Chamonixera denbora itzelarekin heldu zen. Erritmo azkar horri eutsi ahal izateko, jaitsieran Meg Mackenzie hegoafrikarra ondoan izan zuen.

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!