Hirugarren urtez jarraian, Izeta VI.a nagusi Euskal Pentatloi Sarian

2023.09.25 | EHKM, Errekorrak, Herri kirolak, Markak

31 minutu eta 55 segundoko markarekin jantzi du txapela aiarrak baina oraindik Joxe Mari Olasagastik mantentzen du lan horietan errekorra, 27 minutu eta 20 segundoan

Argazkia:  (Ihintza Elustondo)

 

Lehen mailako Euskal Pentatloi Saria jokatu zen pasa den larunbatean, gaueko 22:00etan hasita, Azpeitiko zezen plazan. 2018an txapelketa berrartu zutenetik seigarren edizioa izan da aurtengoa (aro modernoko seigarrena eta orotara banakako pentatloiaren 11. ekitaldia), non guztira sei kirolari aritu ziren nor baino nor gehiago txapelaren bila: Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a aiarra, Xabier Zaldua zumarragarra, Xabat Olaizola zarauztarra, Ioritz Gisasola Zelai IV.a mallabiarra, Aritz Irazabal ugaoarra eta Julen Kañamares arostegiarra.

Honakoak izan ziren parte hartzaileek osatu beharreko lanak: 100 kiloko bola 25 aldiz altxatu, 400 kiloko harriarekin bi plaza egin, hiru kanaerdiko ebaki, 50 kiloko txingekin sei plaza egin eta amaitzeko hiru kilometro osatuko dituzte korrika (30 itzuli).

Azkenean, ez zen sorpresarik izan, eta aldez aurretik faboritotzat jotzen zen Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a aiarrak jantzi zuen txapela, hirugarren urtez jarraian. Xabat Olaizola zarauztarra sailkatu zen bigarren, eta Xabier Zaldua hirugarren. Aritz Irazabal izan zen laugarrena, Ioritz Gisasola bosgarrena, eta Julen Kañamares seigarrena.

Finalaren atarikoan, Andoni Iruretagoiena Izeta VI.-ak irabazi zuen kanporaketa eta 1983an Arria II.-ak aurrez egindako errekorra hobetu zuen orduan. Oraingoan ezin izan du markarik jarri, izan ere, Joxe Mari Olasagastik dauka lan horietan errekorra, 27 minutu eta 20 segundoan, eta bigarren marka, berriz, Anjel Arrospidek, 30 minutu eta hamabost segundoan. Iaz 31 minutuan eta 36 segundoan amaitu zituen lanak Izeta VI.ak berak, eta aurten, berriz, 31 minutu eta 55 segundoan.

Hori bai, eskuratu berri duen txapelarekin, Joxe Mari Olasagastiren eta Xabier Zalduaren pare jarri da. Hirurak daude lehen postuan, hiru garaipenekin. Halaber,  Zaldua zumarragarrak zuen hiru txapel jarraian irabaztearen marka ere berdindu du.

Sailkapena:

  1. Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a: 31:55
  2. Xabat Olaizola: 34.05
  3. Xabier Zaldua: 35.20
  4. Aritz Irazabal: 35.35
  5. Ioritz Gisasola: 39.57
  6. Julen Kañamares: 41.49

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!