Ibai Serranok 400 metroko errekor absolutoa ondu du

2023.02.13 | Atletismoa, EHKM, Errekorrak, Errrekor berria, Gizonak

Orainarte bere markarik onena 47.68 zen (Salamanca, 2022-02-22) baina Antequeran sekulako erregistroa lortu zuen, 46.96ko marka eginda, Euskal Herriko errekor absolutu berria ezarriz pista estalian

Argazkia: RFEA

 

Urtarrilaren 21-22ko asteburuan Valentzian jokatu ziren 23 urtez azpiko Mediterraneoko txapelketak, pista estalian. Igande goizean lehiaturiko 400 metroko probako finalerdietan izan ziren Markel Fernandez eta Ibai Serrano euskal atletak, zeinak finalerako sailkatu ziren, 47.88 eta 47.87ko markekin, hurrenez hurren.

Arratsaldean lehiatu zen finala eta bertan Markel Fernandez Sotok (2003ko otsailaren 6a) urrezko domina irabazi zuen, 46.99ko denborarekin, Euskal Herri mailako errekor absoluto berria ezarri zuelarik. Valentziako txapelketara 47.56ko markarekin iritsi zen Markel Fernandez, baina finalean egindako erakustaldiak, non hasi eta buka nagusi izan zen, Adrian Rocandiok 2021ko otsailaren 2an Madrilen lortu zuen marka (47.20) hobetzeko aukera eman zion. Final berean, Real Sociedadeko Ibai Serrano laugarren izan zen 47.72ko markarekin, brontzezko dominatik ehunen bakarrera geratuta.

Baina joan den igandean, Pista Estaliko 23 urtez azpiko Estatu mailako XXXVIII. Txapelketako 400 metroetako finalean topatu ziren biak berriro, Antequeran, eta honakoan ordea, Ibai Serrano nagusitu zen. Markel Fernandez oso azkar irten zen, 200 metroetatik 21.50etik behera pasa zelarik, eta horrek lagundu zion Serranori ere lehen itzulia 22tik behera egiteko, nahiz eta Fernandezen atzetik joan. Hala ere, errenteriarrak oso indartsu amaitu zuen proba eta helmugatik hamar metro baino gutxiagora harrapatu zuen aurkaria, azken unean erdietsi zuelarik garaipena, erremontada bikain bat burutu ondoren.

Igandera arte bere markarik onena 47.68 zen (Salamanca, 2022-02-22) baina igandean sekulako erregistroa lortu zuen, 46.96ko marka eginda, Euskal Herriko errekor absolutu berria ezarriz pista estalian, 1110 WA puntu balio duena.

Martin De la Fuente entrenatzailearen aginduetara aritzen den Realeko atleta gazteak 20 urte besterik ez ditu eta umetatik egon da atletismoari lotuta. Estatu mailako txapeldun izan da lehiatu den kategoria guztietan, proba ezberdinetan, eta bere bilakaera geldiezina da, errekor berri honek erakusten duenez.

SAILKAPENA 

1 Ibai Serrano Ruiz (17/07/2002) Real Sociedad  46.96

2 Markel Fernandez Soto (06/02/2003) Alcampo Scorpio  47.15

3 Angel Gonzalez Muñoz (23/10/2003) Atletismo Leganes 47.73

4 Alejandro Gonzalez Rengel (23/12/2001) Club At.Salamanca  48.46

5 Nicolas Campos Montero (30/12/2002) Atletismo Numantino  48.46

6 Alejandro Guerrero Villahermosa (22/04/2002) Trops 48.92

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!