Igandean lehiatuko da 58. Behobia-San Sebastian lasterketa

2023.11.8 | EHKM, Errekorrak, Lasterketak

Alberto Juzgadorena da probaren errekorra: 59 minutu eta 19 segundo, 1996an lortua. Emakumezkoena, 2011n Tirhas Gebrek eskuratu zuen ordu bat, 8 minutu eta 7 segundoko denbora lortuz.

Argazkia: behobia-sansebastian.com

 

Behobia-Donostia lasterketa ibilbide luzeko lasterketa da, bai fisikoki zein historikoki. Probaren lehen edizioa 1919ko martxoaren 30ean antolatu zen. Egungo ibilbideak probaren hasierakoarekin zerikusi handia duen arren, bien bitartean lasterketak gauza asko bizi izan ditu. Aldaketek, ordea, ez diote Behobia-Donostia lasterketaren espirituari eragin.

Juan Mugerza korrikalari Elgoibartarra izan zen I. Behobia-Donostia lasterketaren irabazlea eta ordu bat, 17 minutu eta 50 segundo behar izan zituen Behobia eta Donostia arteko bidea egiteko. Orduko parte-hartzeak ez du egungoarekin inolako zerikusirik, lehen edizio hartan hogei bat korrikalarik bakarrik parte hartu baitzuten lasterketan. “El Pueblo Vasco” egunkari independenteak lehen lasterketa horren testigantzak bildu zituen: “Lasterketa ederra izan zen, milaka arimek gozatu ahal izan zuten kirol ekitaldi aipagarria”. Lasterketaren kronikan epaileari, kronometratzaileari eta medikuari egiten zaie aipamena. Orduan ere lasterketa Mirakruz Gainetik igaro zen eta Andres Peña banku-gizon ospetsuak Toki Alai etxetik pasa zen lehen korrikalariari bost dolarretako urrezko txanpona eman zion. Egunkariko idatzian probaren antolakuntza ona azpimarratzen bada ere, ikusleekin loturiko kexak ere jasotzen dira, ez baitzuten asko lagundu.

Lasterketaren lehen edizioak izandako arrakastaren ostean beste 7 edizio antolatu ziren jarraian. 1920ko lasterketaren helmuga, ordea, Realak utzitako Atotxako futbol zelaia izan zen eta Henri Dalière izan zen helmugako lerroa zapaltzen lehena. Lasterketaren hirugarren edizioan ere proba Atotxan amaitu zen eta Dalièrek garaipena errepikatu zuen, aurreko urteko marka hobetzea lortu ez bazuen ere. Behobia-Donostiaren laugarren edizioa egun horretan egindako eguraldi onarengatik gogoratzen da, autoek, motoek, zikloek eta bestelako gurpildun tramankuluek “suiveurs” deitutakoen karabana bitxia osatu baitzuten.

Bosgarren edizioan, 1923an, Serafín Ulecia bigarren urtez jarraian nagusitu zen, Dalièreren errekorretik bi segundotara geratuz. Gainera, bosgarren edizioan mugaz bestaldeko sei lasterkarik parte hartu zuten, hiru Biarritz Olimpique elkartekoak eta beste hiru Aviron Bayonnais taldekoak.

1924an helmugaren kokapena aldatu egin zen lasterketaren 20 kilometroak Gran Kursaal kasinoaren parean bete zitezen, eta orduko kronikek azaltzen dutenez, Irun, Errenteria, Pasaia eta helmuga ingurura jada jendetza hurbiltzen hasi zen lasterketa ikusteko. Hain zuzen ere, urte horretan Irungo-Atsegiña elkarteak, bere egoitzatik pasatzen zen lehen korrikalariari eskumuturreko erlojua oparitu zion. Zialzetak lortu zuen ordularia, baina esfortzuarekin hustuta, ezin izan zuen lasterketaren aurrealdean jarraitu. Gauza bera gertatu zen aurreko urtetan saria lortzeko “erretzen” zirenekin. Hurrengo urtean Federazioak ibilbidean zehar sari bereziak eskaintzea debekatu zuen.

Lasterketaren lehen garaiko azken lasterketa 1926ko martxoaren 28an izan zen eta lasterketa goratzeko asmoz, kanpoko korrikalariak erakarri nahi izan zituzten.

Errelebo lasterketa

Fortuna taldeak 1936ko martxoaren 29an Behobia-Donostia lasterketaren antolaketa berreskuratu zuen, baina probaren formatua aldatuta: errelebo lasterketa. Korrikalariek launaka parte hartu zuten. Lehen Behobia-Donostia errelebo lasterketa Zarautzeko “Euzko-Gaztedi” taldeak irabazi zuen, Soraluze, Laurgain, Arritokieta eta Unzuetak osatutako taldearekin, ibilbidea ordubete 7 minutu eta 29 segundoko denboran egin zuten.

Dena den, 1941eko apirilaren 13ra arte lasterketaren antolaketa bertan behera geratu zen Gerra Zibilaren ondorioz. 1941ean eta 1942an “Real Sociedad de Fútbol de San Sebastián” taldeak irabazi zituen lasterketak. 1949 arte ez zen ospatu lasterketaren hamabigarren edizioa, hirugarrena erreleboka, eta bertan Frantziatik etorritako zenbait taldek parte hartu zuten, Bordeleko Udal klub atletikoak errekor berria ezarriz, ordu 1, 5 minutu eta 32 segundo. 1951eko maiatzaren 13 arte beste etenaldi bat izan zen.

Azkenik, 1963. urtera arte, Donostiako harresien eraistearen 150. urteurrenarekin kointzidituz, ez zen berriro Behobia-Donostia lasterketa jokatu. Lasterketa hartan C.A. Jaizkibel talde militarrak garaipen handia lortu eta errekorra ezarri zuen: ordu bat, minutu bat eta 26 segundo.

Aro modernoa

1979 urte berezia izan zen Behobia-Donostia lasterketarentzat. Urte hartan, Pancho Gómez atleta beteranoak, Fortunako bazkidea eta zuzendaritzako kide ohiak, Remigio Telleríaren babesarekin, memorian ia galdutako lasterketa bat berreskuratzea proposatu zion Elkarteko Zuzendaritza berriari: Behobia-Donostia, nahiz eta aurreko 45 urtetan, 1919tik 1963ra, bakarrik hamalau edizio antolatu ziren.

1979ko edizioak mila parte-hartzaile eskas izan zituen arren, momentu horretan arrakasta handitzat hartu zen. Lasterketaren helmuga Ijentea kalearen ondoan izan zen, Boulevardaren bukaeran, Udaletxe atzean. Bertan oholtza xume bat ezarri zen sariak banatzeko eta epaileek lanak izan zituzten korrikalarien denbora guztiak eskuz hartu ahal izateko.

Parte-hartzaile kopurua handitu ahala, lasterketaren antolaketa ere egokitu behar izan zen. Helmuga Boulevardera mugitu zen eta denbora guztiak eskuz hartu ahal izateko sistema berri bat asmatu behar izan zen. Hesiak erabiliz korrikalarien iritsiera kontrolatzeko kale sistema bat asmatu zen, kaleen alde batean denborak hartzen ziren bitartean, bestean dortsal zenbakiak hartzen ziren. Sailkapena eskuz egiten jarraitu zen laurogeiko hamarkadaren erdialdean berrikuntza informatikoak iritsi ziren arte. Hain zuzen ere, urte horietan “Behobiako lehen erregea” izango zena agertu zen, Alfonso Alvarez Valera madrildarra, bost garaipen lortu zituena 1981. eta 1987. urteen artean.

Urte gutxi batzuk geroago iritsi zien Diego García azkoitiarra, 1992 eta 1994an garaile, eta bere lagun Alberto Juzgado madrildarraren garaia, azken hau ere Behobiako beste errege bat, bost garaipen lortu zituelarik 1995. eta 2004. urteen artean. Alberto Juzgadorena da probaren errekorra: 59 minutu eta 19 segundo, 1996an lortua. Urte hartan ere lortu zuen Rocio Riosek ordura arte nesken denborarik onena zena: ordubete, 8 minutu eta 54 segundo. Hala ere, 2011n Tirhas Gebrek errekor hori berritu zuen ordu bat, 8 minutu eta 7 segundoko denbora lortuz.

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!