Argazkia: egursport.com
Nafarroako lehen mailako aizkolari txapelketaren finala jokatu zen pasa den ostiralean, hilak 17, Doneztebeko feria egunean, bertako Ezkurra pilotalekuan. Otsagabiko Iker Vicente zen faboritoa eta ez zuen hutsik egin, bere bederatzigarren txapela etxera eraman zuelarik. Arribeko Ibai Soroa eta Leitzako Jon Rekondo izan zituen lagun podiumean.
Espero bezala, Iker Vicente izan zen azkarrena lau kanaerdikoak, lau 60 ontzakoak eta bi oinbikoak mozten. Ordu erdi baino gutxiago behar izan zuen lan hori burutzeko (28.35). Ia sei minutuko aldea atera zion bigarren izan zen Ibai Soroari (34.30) eta zazpi minutu baino gehiagokoa hirugarren izan zen Jon Rekondo leitzarrari (35.53). Laugarren Zigako Joxean Etxeberria izan zen (39.45) eta bosgarren Arribeko Txomin Amundarain (42.03).
Honezkero, bederatzigarren txapelarekin, Floren Nazabal berdindu du Vicentek eta txapel bakarrera du Mikel Mindegiaren errekorra (hamar lortu zituen). Aizkolarien txapelketa ofizialaz gain, Olaia Esnaola azpeitiarrak eta Udane Ostolaza oriotarrak erakustaldia egin zuten harri-jasotzen.
SAILKAPENA
1. Iker Vicente 28’36’’
2. Ibai Soroa 34’30’’
3. Jon Rekondo 35’ 53’’
4. Joxean Etxeberria 39’ 45’’
5. Txomin Amundarain 42’ 03
0 Comments