Imanol Alvarez eta Maite Maiora garaile 31. Idotorbeko Igoeran

2023.10.13 | EHKM, Errekorrak, Txirrindularitza

Errekorrak beste urte betez behintzat Iker Eskibel eskoriatzarra (12:48, 2021) eta Maite Maiora mendaroarraren (17:22, 2016) esku jarraituko dute

Argazkia: Lagun Taldea txirrindulari eskola 

 

36 txirrindularik hartu zuten parte iragan ostegunean aurtengo Idotorbeko Igoeran, Julian San Joanen Oroimenezko txirrindulari lasterketaren 31. ekitaldian, non Imanol Alvarez eta Maite Maiora izan ziren azkarrenak. Eguerdiko 12:00etan hasi zen lasterketa Kalegoen plazatik eta 3,8 kilometroko ibilbidea osatu behar izan zuten txirrindulariek Idotorbe gaineraino.

Imanol Alvarezek 2018an hartu zuen parte azkenengoz Idotorbeko Igoeran, baina lasterketa hau berezia da berarentzat, auzoko bizilaguna baita, eta honakoan bere ametsa lortu du Eiser Hirumet taldeko txirrindulariak. Aurkari gogorrenak izan zituen Eneko Ortega gazte elgoibartarra eta Mikel Perez de Obanos eibartarra, hirurak joan zirelarik lehen metroetatik aurrea hartu zuen tropeltxoaren buruan.

Azken kilometroa falta zela iragartzen duen karteltxoaren parean utzi zuten atzean Ortega, eta ikusle gehienak biltzen ziren igoerako azken metroetara iritsi aurretxoan jo zuen erasoa Imanol Alvarezek, lorturiko metro gutxitako abantaila nahikoa izan zuelarik helmuga marra lehen postuan gurutzatzeko. Hamahiru minutu eta 37 segundoan osatu zuen 3,8 kilometroko igoera, eta bi segundoko aldea atera zion helmugan Mikel Perez de Obanosi (13:39). Eneko Ortega iritsi zen helmugara hirugarren postuan (14:10), podiumeko postuari eusteko esprinta jokatu behar izan zuen arren Jokin Amorrostarekin.

Aurten bi emakume aritu dira lehian, horietako bat probaren errekorra daukan Maite Maiora mendaroarra. Txorkatilako lesio batetik osatzeko bizikletan asko ibiltzen ari da aspaldi hontan eta errekorra ontzeko gogoa ere bazuen, baina erdi gaixorik ibili da azken egunetan eta ezin izan zuen proba gustatuko litzaiokeen moduan egin. Hala ere, garaipena eskuratu zuen, Maialen Ezeolazaren aurretik helmugaratuz.

Errekorrei dagokionez, 2016an Iker Eskibelek ondu zuen segundu batean Iñigo Larizek 2002. urtetik zeukan marka eta 2017an beste hiru segundo jan zizkion Larizen errekorrari. 2021an, eskoriatzarrak laugarren aldiz irabazi zuen lasterketa eta gainera, 2017ko ekitaldia irabazi zuenean ezarri zuen errekorra (13:17) txikitu zuen, oraindik indarrean dagoen hamabi minutu eta 48 segundoko marka ezarriz.

Emakumezkoetan, mendi maratoiko Munduko txapelduna den Maite Maiora mendaroarrak bizikleta gainean ere ederto moldatzen dela erakutsi du askotan eta horren ondorioz 2016an probako errekorra 18 segundotan ondu zuen, 17:22 denbora eginda.

SAILKAPENA

Gizonezkoak

  1. Imanol Alvarez 13:37
  2. Mikel Perez de Obanos 13:39
  3. Eneko Ortega 14:10
  4. Jokin Amorrosta 14:11
  5. Beñat Fernandez 14:18
  6. Ion Ibarluzea 14:26

Emakumezkoak

  1. Maite Maiora 18:44
  2. Maialen Ezeolaza 22:52

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!