Imanol Royo ‘Lartain’-ek marka berria jarri du, 17 urterekin 210 kilo jasota

2022.11.4 | EHKM, Errrekor berria, Gizonak, Harri-jasotzea

Joseba Ostolazaren Harri Eskolako kideak hilaren 1ean Urnietan egin zuten herri kirol jaialdian ezarri zuen marka, harrijasotze lanetan hasi eta urtebetera

Argazkia: @_imanol_11

 

Imanol Royo ‘Lartain’-ek 18 urte bete aurretik 210 kiloko harria jasotzeko erronka jarria zion bere buruari, eta helburua bete egin du. Izar Berriak Urrezko Aizkolari Txapelketako finala jokatu zuten asteartean, hilak 1, Urnietako Udal Pilotalekuan, eta aizkorako finalaren bueltan antolatutako herri kirol jaialdian, harri jasotzaileek ere izan zuten lekua.

Marka saiakera jaialdi horretan egingo zuela iragarri zuen zarauztar gazteak, eta halaxe suertatu zen. Bi saiakera egin zituen, eta behin jaso zuen harria. Abenduaren 1ean 18 urte beteko ditu, eta 17 urterekin 210 kilo jasotzea ez da marka makala, bere pisuaren doblea gehi bi kilo bizkarreratu baitzituen.

Denbora gutxi darama Royo harri-jasotze lanetan. Bere familia Jokin Eizmendiren oso laguna da, eta afizioa izan du txikitatik. 2021eko udan Zarauzko Bi Harriak Txapelketa ikusten izan zen, eta probatzeko gogoa sartu zitzaion. Joseba Ostolazaren Harri Eskolan eman zioten aukera, eta gustatu egin zitzaion. Handik aurrera, bilakaera azkarra izan du zarauztarrak, harri-jasotzen hasi eta zazpi hilabetetara, 185 kilokoa jaso zuelarik.

Garai batean, hamasei urterekin 200 kiloko harria altxatzeko saiakera egin zuten zenbait harri-jasotzailek baina berak dagoeneko hamazazpi urte dituenez, ezin du marka hori berdindu. Hartara, harri handixeagoarekin marka saiakera egitea otu zitzaion, hasieran, 206 kilokoarekin aritzea zelarik asmoa, nahiz eta azkenean, 210ekoarekin egin zuen.

Esan bezala, erronkaren aurretik, 25 urtez azpiko gizonezko aizkolari onenak lehiatu ziren “Izar Berriak – Urrezko aizkolari txapelketa” izeneko lehiaketan.

Iker Vicente aizkolari nafarrak irabazi zuen, 14 minutu eta 18 segundoan amaitu zituelarik lanak. Jokin Urretabizkaia Basozabalek egin zuen bigarren, irabazlearengandik 24 segundora eta Hodei Ezpeleta sailkatu zen hirugarren postuan, Iker Vicentek baino 32 segundo gehiago erabilita. Azkenik, Julen Larrea sailkatu zen laugarren, irabazlearengandik minutu eta 19 segundora.

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!