Argazkia: athletic-club.eus
Iñaki Williamsek zifra biribila lortu zuen pasa den larunbatean Realaren aurkako partidan, ligako 250 partida jarraian jokatuta. Nahiz eta bere unerik onenean ez egon (Athleticekin partida ofizialean sartutako azken gola Getaferen aurka sartu zuen urrian), Ernesto Valverdek hasierako hamaikakoan jarri zuen euskal derbian, Athletiken erasoko jokoa osatuz Nico anaia eta Gorka Guruzetarekin batera.
2016ko apirilaren 20an, Atletico Madrilen aurka San Mamesen jokatutako partida batean hasi zuen Williamsek liga txapelketaren historian inoiz ikusi ez den jarraian jokatutako norgehiagoken ilara. Egun hartan, Ernesto Valverde bere bigarren etapa Athleticen aulkian bizitzen ari zela, Iñaki Williams ordezko izan zen baina 59. minutuan zelairatu zen Iker Muniainen ordez. Athletic hartan gaur egun jokatzen ari diren taldekideak zeuden: De Marcos, Raul Garcia, Balenziaga eta Lekue. Badira beste talde batzuetan jokatzen jarraitzen dutenak, Etxeita SD Amorebietan edo Borja Viguera Intercityn, esaterako. Egun horretan parte hartu zuten gainerakoak erretiratuta daude: Iraizoz (Gernika SDko bigarren entrenatzailea), Eneko Boveda (Athleticen kirol garapen saileko kidea), San Jose, Susaeta edo Iturraspe.
Data horretatik aurrera, Williamsek ikasturte hartako gainerako lau partidetan parte hartu zuen, eta ondoren, 2016-2017, 2017-2018, 2018-2019, 2019-2020, 2020-2021, 2021-2022 denboraldiak osorik jokatu zituen, eta Athleticek orain arte aurtengo ikasturtean jokatutako 16 jardunaldietan ere aritu da.
Iñaki Williamsek Ligako errekorra ezarri zuen 2021eko urriaren 1ean, Juan Antonio Larrañaga Realeko futbolari ohiak 1986-1987 eta 1991-1992 denboraldien artean jokatutako 202 partidak gainditu zituenean.
Orain, Binz alemaniarra atzean utzita (247 hitzordu jarraian), Williamsen hurrengo erronka Friedel atezainaren 310 partidak gainditzea izango da. Bradley Howard Friedel (Lakewood, Ohio, 1971ko maiatzaren 18a) entrenatzailea da gaur egun. Ibilbide luzea eta bikaina izan zuen Europan, bereziki Premier Leaguen, non errekorra lortu zuen. Danimarkako Brondby, Turkiako Galatasaray, eta Liverpool, Blackburn Rovers, Aston Villa eta Tottenham Hotspur talde ingelesetan aritu zen.
Errekor mundiala aldiz, Sepp Maierren eskuetan dago, ‘One Club Man’ bezala saritua izan zena, 600 partida ofizial baino gehiago jokatu zituelarik bere ibilbidean Bayern Munichekin. 473 partidarekin Bundesligako errekorra du eta 70eko hamarkadan 442 partidu jarraian jokatuta, mundu mailako errekorra ezarri zuen.
0 Comments