Iñaki Williamsek 251 partidatan jarri du segidan jokatutako partiden errekorra

2023.01.30 | EHKM, Errekorrak, Erronkak, Futbola, Gizonak, Markak

Aurrelari zuri-gorriak ez du LaLigako partida bat galdu 2016ko apirilaren 20tik, Atletico Madrilen aurka San Mamesen jokatu zuenetik, baina honakoan, ia zazpi urte geroago, iskioetan duen gainkarga baten ondorioz ezin izango du RC Celtaren aurka jokatu Balaidosen

Argazkia: athletic-club.eus

 

Iñaki Williamsek 251 partida jarraian jokatu ditu guztira, eta zenbaki horretan utzi du LaLigako errekorra. Aurrelari zuri-gorriak ez du LaLigako partida bat galdu 2016ko apirilaren 20tik, Atletico Madrilen aurka San Mamesen jokatu zuenetik, baina honakoan, ia zazpi urte geroago, iskioetan duen gainkarga baten ondorioz ezin izango du RC Celtaren aurka jokatu Balaidosen.

251 partida jarraian jokatu ditu aurrelariak; Juan Antonio Larrañagak baino 49 gehiago. Azken hori bigarrena da sailkapen honetan, eta 2021eko urriaren 1ean gainditu zuen Deportivo Alavesen aurka, Katedralean. Lehenago, 2019ko abenduaren 1ean, San Mamesen, Carmelo Cedrun atezainak ordura arte zuen Athleticen errekorra hautsi zuen, 132 norgehiagokarekin.

2016ko apirilaren 20an, Atletico Madrilen aurka San Mamesen jokatutako partida batean hasi zuen Williamsek liga txapelketaren historian inoiz ikusi ez den jarraian jokatutako norgehiagoken ilara. Egun hartan, Ernesto Valverde bere bigarren etapa Athleticen aulkian bizitzen ari zela, Iñaki Williams ordezko izan zen baina 59. minutuan zelairatu zen Iker Muniainen ordez. Athletic hartan gaur egun jokatzen ari diren taldekideak zeuden: De Marcos, Raul Garcia, Balenziaga eta Lekue. Badira beste talde batzuetan jokatzen jarraitzen dutenak, Etxeita SD Amorebietan edo Borja Viguera Intercityn, esaterako. Egun horretan parte hartu zuten gainerakoak erretiratuta daude: Iraizoz (Gernika SDko bigarren entrenatzailea), Eneko Boveda (Athleticen kirol garapen saileko kidea), San Jose, Susaeta edo Iturraspe.

Data horretatik aurrera, Williamsek ikasturte hartako gainerako lau partidetan parte hartu zuen, eta ondoren, 2016-2017, 2017-2018, 2018-2019, 2019-2020, 2020-2021, 2021-2022 denboraldiak osorik jokatu zituen, eta Athleticek orain arte aurtengo ikasturtean jokatutako 17 jardunaldietan ere aritu da.

Nazioartean oraindik jokalari batzuek elkarren segidako partida kopuru handiagoak dituzte, esaterako, Friedel atezaina, zeinak 310 jokatu zituen Ingalaterran. Bradley Howard Friedel (Lakewood, Ohio, 1971ko maiatzaren 18a) gaur egun entrenatzailea da. Kluben mailan, ibilbide luze eta bikaina izan zuen Europan, bereziki Premier Leaguen, non errekorra lortu zuen. Danimarkako Brondby, Turkiako Galatasaray, EEBUko Columbus Crew, eta Liverpool, Blackburn Rovers, Aston Villa eta aipatutako Tottenham Hotspur talde ingelesetan aritu zen.

Errekor mundiala aldiz, Sepp Maierren eskuetan dago, ‘One Club Man’ bezala saritua izan zena, 600 partida ofizial baino gehiago jokatu zituelarik bere ibilbidean Bayern Munichekin. 473 partidarekin Bundesligako errekorra du eta 70eko hamarkadan 442 partidu jarraian jokatuta, mundu mailako errekorra ezarri zuen.

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!