Ion Fernandezek irabazi du LaRoita apustua

2023.07.3 | Desafioa, Errekorrak, Erronkak, Errrekor berria, Mendi lasterketak

Hala ere, Fernandezek (1:25.59) ezin izan zuen iaz Ioritz Leiaristik ezarritako errekorra ondu: 1:23:56

Argazkia: barren.eus

 

Jendetza batu zen Karakaten pasa den larunbatean LaRoita kirol erronka gertutik jarraitzeko asmoz, eta hiru lehiakideek (Ion Fernandez, Asier Basurto eta Ander Aranbarri) txalo eta animo artean egin zituzten Mutrikuko portuan hasi zuten probako azken metroak.

Mutrikun hasi zuten lagunarteko erronka, 9:00etan, portuan 600 metroko igeriketa proba eginez. Fernandez irten zen lehena uretatik eta bizikleta gainean ere eutsi egin zion abantailari. Kalegoen plazaraino joan ziren bizikletan, bidean Kalbarioko gaina igo eta jaitsi ostean. Azken lana ez zuten edonolakoa, Karakateko tontorrera igo behar baitzuten.

Azkenean, Ion Fernandez mendaroarra izan zen hiru lehiakideetan azkarrena, ordubete, 25 minutu eta 59 segundoan osatu zuelarik ibilbidea. Ander Aranbarri sailkatu zen bigarren eta Asier Basurto hirugarren.

Hala ere, Fernandezek ezin izan zuen iaz Ioritz Leiaristik ezarritako errekorra ondu, izan ere, 2022ko edizioan, Leiaristi nagusitu zen, Iban Rogel eta Antxon De la Arada gaindituta, 1:23:56ko denbora eginda. Erronkaren aurreneko edizioan, Iker Odria izan zen irabazlea, ordu bat eta 24 minutu eta 50 segundoko markarekin  (3 minutu eta erdiko aldea izan zuen De La Aradarekiko).

Kirol erronka bitxia da honakoa, lagun arteko pikea bailitzan hasi zen, baina sare sozialen bidez berotzen joan zen, eta, azkenean, sekulako oihartzuna izaten du elgoibartarren artean.

Aurtengoa kirol erronka baino gehiago izan da gainera, izan ere, LaRoitakoek egun osoko egitaraua oparoa antolatu zuten: porra, Mauxitxa txaranga, bazkari herrikoia, karropoteoa, rock kontzertua… Osagai guztiekin hornituta egon zen beraz LaRoita Erronkaren hirugarren ekitaldia.

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!