Argazkia: @txindokiat
Pasa den ostiralean Anoetako Belodromoan lehiaturiko 2022ko udazken-neguko parte-hartze libreko proben hirugarren jardunaldian, 3.000 metroko lasterketak jokatu ziren, 11 gizonezkoenak eta 3 emakumezkoenak, orotara 180 atleta barnebilduta.
Arratsaldeko 17:50ean hasi zen aurreneko lasterketa, emakumezkoen mailako onena. June Arbeo garaipenaren bila irten zen eta hasieratik jarri zen lasterketaren buruan, gainontzekoak atzean utzita. Atzean taldetxo bat sortu zen Judith Otazua, Iraia Mendia eta Antia Castrorekin. Atzerago Sara Villasante bakarrik zihoan eta ondoren beste korrikalari guztiak.
Judith Otazuak 2.000 metroak osatu baino lehen bertan behera utzi zuen lasterketa, eta une horretan Iraia Mendiak aurrera egin zuen, zentimetroz zentimetro murriztuz June Arbeoren abantaila.
Azkenean baina, Arbeok erdietsi zuen garaipena 9:21.09ko denborarekin, baina 19 urte besterik ez dituen Iraia Mendiak 9:21.47ko marka bikaina egin zuen. Erregistro honekin, 2003ko maiatzaren 11an jaiotako lazkaotarrak, 20 eta 23 urtez azpikoen Euskal Herriko errekorrak ondu zituen pista estaliko 3.000 metrotan.
23 urtez azpiko markarik onena, Leire Medinaren eskuetan zegoen orainarte, 1999. urtean Sevillan egindako 9.22.21ko denborarekin. 20 urtez azpikoen kategoriakoa berriz, Iraia Mendiak berak zuen, iazko abenduan Donostian ezarritako 9:49.67ko markarekin.
SAILKAPENA
1 June Arbeo Sarriugarte Alcampo Scorpio 71 9:21.09
2 Iraia Mendia Arrieta Txindoki A.T 9:21.47
3 Antia Castro Perez Ourense Atletismo 9:34.31
4 Sara Villasante de la Fuente Super Amara BAT 9:58.53
5 Sara Carrato Izuel Zenit Atleet 10:06.22
6 Ana Llorens Perez Bathco Running Team 10:07.83
7 Izaskun Beunza Azazeta Beste Iruña AT 10:09.07
8 Sara Modrego Lopez Hiru Herri 10:09.41
9 Maria Velazquez Lopez Beste Iruña AT 10:23.81
0 Comments