Ismael Mateok munduko errekorra egin du Hyrox Bilbao ekitaldian

2023.02.18 | EHKM, Errekor mundialak, Errekorrak, Errrekor berria, Gizonak

Pro kategoriako estreinaldian, bere mailako munduko errekorra hautsi zuen hernaniarrak, ordubete eta 9 minutu eta 25 segundoko denborarekin

Argazkia: Denontzat

 

Joan den larunbatean, hilak 11, antolatu zen BECen Hyrox Bilbao, Spain Hyrox Serieseko hirugarren proba, aurretik Valentzian eta Madrilen jokatu ondoren. Denontzat taldeko 100 atleta baino gehiagok hartu zuten parte (gimnasio batek Hyrox ekitaldi batean izandako parte-hartze errekorra). Hainbat kategoriatan podiumak lortu zituzten: binaka, banaka, Pro eta Open mailetan. Adin ezberdinetan gazteneetatik hasi eta beteranoen mailara arte lortu ziren emaitza esanguratsuak.

Baina lorpen esanguratsuena Ismael Mateok erdietsi zuen, izan ere, 15garren amaitu zuen sailkapen orokorrean eta irabazi egin zuen 50-54 kategorian. Gainera, Pro kategoriako estreinaldian, bere mailako munduko errekorra hautsi zuen hernaniarrak, ordubete eta 9 minutu eta 25 segundoko denborarekin (1:11 aurreko errekorra).

Hyrox ariketa fisiko berri bat da, 2019an sortu zena eta egun, Alemanian, Estatu Batuetan, Erresuma Batuan eta Estatu Espainolean ari dena garatzen. Neska-mutilek parte hartzen dute, maila edozein dela ere. Gainera, lehiaketak adin tarteka banatzen direnez, oreka mantendu ohi da lehiakideen artean.

Exigentzia maila handiko kirol mota da. Lasterketa eta ariketak uztartzen ditu; hau da, zortzi kilometro lasterka eta zortzi ariketa egin behar dira. Kilometroko korrikaldiaren ostean egin behar da ariketa. Proben izenak nahiko arrotzak dira askorentzat, izan ere, ingeles jatorrikoak dira; besteak beste, SkiErg, Sled Push bi aldiz, Burpee Broad Jumps, Rowing, Farmers Carry, Sandbag Lunges eta Wall Ball.

Ismael Mateo kirolariak duela gutxi, Europako Hyrox txapelketa irabazi zuen, 50-54 urte bitarteko adin tartean. Egia da ere, adin tarte horretan aurkari edo lehiakide gutxiago dituela; hala ere, parte hartzaile gutxiago egon arren, fisikoki maila oso altukoak dira, Europa mailako txapelketetan zailtasunak areagotu egiten direlarik.

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!