Izazpiko igoerako errekor historikoak indarrean jarraitzen du

2022.05.10 | EHKM, Errekorrak, Errrekor berria, Gizonak, Mendi lasterketak

1982.ean Pello Garin zizurkildarrak ezarri zuen errekorra, 31 minutu eta 26 segundo behar izan zituelarik Ezkioko ostatuaren paretik irten, Izazpiko gainera igo, eta hasierako gunera itzultzeko. Urteetan izan dira marka hori gainditzeko saiakerak, baina inork ez du lortu. Aritz Egea gertu izan zen 2017an, baina hemezortzi segundo falta izan zitzaizkion.

Argazkia: ezkio.eus

Aspaldiko apostu baten ondorio jaio zen Izazpiko Igoera mendi lasterketa, 1978.urtean Jose Antonio Aranzadi ezkiotarrak eta Joxe Aierbe ataundarrak erronka burutu zutenean. Zazpi urtetan herriko jai egitarauaren ekintzen artean kokatu eta 1985ra arte lasterketa burutu izan zen San Migeletan.

Urte horietan guztietan lorturiko denborarik onena 1982.ean Pello Garin zizurkildarrak egindakoa izan zen, 31 minutu eta 26 segundo behar izan zituelarik Ezkioko ostatuaren paretik irten, Izazpiko gainera igo, eta hasierako gunera itzultzeko.

Garindarren geneetan daude lasterka egiteko dohainak eta hala frogatzen dute Peio eta Juan Mari anaiek 1980ko eta 1990eko hamarkadetan lortutako hamaika garaipenek eta errekorrek. Esaterako, oraindik indarrean daude Juan Mari Garinek 1993an Larraiztik Txindokirako bidean egindako 33 minutu eta 33 segundoko marka eta Azpeitiko zezen plazan hamar kilometro egiteko behar izan zituen 31 minutu eta hemezortzi segundoak.

Lasterketa 2016an berreskuratu zen eta ordutik San Migeletako jai batzordekoek parte hartzaileei luzatu dieten erronka izan da errekor historiko hori haustea.

Sei kilometro pasatxo ditu lasterketak, Izazpira igo eta jaitsi. Proba betea da, teknika eta abiadura behar direlako. Aldapa gora dira lehen hiru kilometroak, eta 300 metroko desnibela dago, gutxi gorabehera. Teknikoa da jaitsieraren lehen zatia, baina bigarrena aproposa da abiadura handia hartzeko.

Pasa den igandean, maiatzak 8, Izazpiko VI. Igoera ospatu zen eta honetan Oier Elorza azkoitiarra suertatu zen garaile 34 minutuko denborarekin. Bigarren postua Mikel Fernandez ezkiotarrarentzat izan zen 37’55ko denbora lortuz, eta hirugarrena Jose Talavera zumarragarra izan zen (38.05).

Emakumeen sailkapenari dagokionez, Igone Campos zumarragarrak lortu zen txapela 42 minutu et a 57 segundoko denborarekin; Sandra Corriols urretxuarra izan zen bigarrena (46.33) eta Aintzane Olaizola aizarnazabaldarrak hirugarren postua lortu zuen (49.27).

Beraz, denbora ona egin duen arren Garinen marka haustea ez du lortu Elorzak. Izan ere, beste behin argi geratu da oso zaila izango dela marka hori ontzea. Urteetan izan dira errekor saiakerak, baina inork ez du lortu. Aritz Egea gertu izan zen 2017an, baina hemezortzi segundo falta izan zitzaizkion.

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!