Izeta VI.ak errekorra ezarri du Euskal Pentatloian

2023.09.13 | EHKM, Errekorrak, Errrekor berria, Herri kirolak

Andoni Iruretagoiena Izeta VI.ak 11 minutu eta 48 segundo behar izan zituen lanak bukatzeko, 1983an Arria II.ak egindako marka (12.07) hobetuz

Argazkia: Egursport

 

2018an txapelketa berrartu zutenetik seigarren edizioa izan da aurtengoa eta Azpeitian jokatu berri den kanporaketan guztira hamabi kirolari aritu dira nor baino nor gehiago: Xabat Olaizola zarauztarra, Jagoba Otaegi aizarnarra, Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a aiarra, Gorka Etxeberria oriotarra, Xabier Zaldua eta Joseba Arakama zumarragarrak, Aritz Irazabal ugaoarra, Ioritz Gisasola Zelai IV.a eta Jon Gisasola Zelai V.a mallabiarrak, Beñat Amade algortarra, Mikel Agirre ondarroarra eta Julen Kañamares arostegiarra.

Parte hartzaileek honako lanak osatu behar izan zituzten: ehun kiloko bolari hamar jasoaldi eman; aizkoran, kanaerdiko eta 45 ontzako enbor bana ebaki; giza proban, 400 kiloko harriarekin plaza bat egin; txingetan, hiru plaza osatu; eta korrika, kilometroa egin. Finalean berriz, aipatu lanen ia bikoitzak gauzatu beharko dituzte parte hartzaileek: ehun kiloko bolari 25 altxaldi eman beharko dizkiote; giza proban, 400 kiloko harriarekin bi plaza egin; aizkoran, hiru kanaerdiko ebaki;  50 kiloko txingekin, sei plaza egin; eta korrika, hiru kilometro osatu –zezen plazari 30 buelta–.

Orain arteko Euskal Pentatloi Sariko kanporaketetako marka onena Arria II.ak ezarri zuen 1983an, egin beharreko lanak 12.07n gauzatuta. Ordutik inork ez du denbora hori hobetu. Zaldua izan da denbora horretara gehien hurbildu dena, iaz 12.12 behar izan zituen lanak amaitzeko, eta Izeta VI.ak 12.22ko denbora ezarri zuen urte berean.

Baina iragan larunbatean Azpeitiko zezen plazan jokatutako pentatloia markak haustekoa izan zitekeela aurreratu zuten antolatzaileek eta baita izan ere. Andoni Iruretagoiena Izeta VI.ak 11 minutu eta 48 segundo behar izan zituen lanak bukatzeko, beraz, aurrez, Jose Ignazio Orbegozo Arria II.ak 1983an egindako denbora (12:07) hobetu zuen aiarrak.

Xabier Zaldua zumarragarrak , Xabat Olaizola zarauztarrak, Ioritz Gisasola Zelai IV.a mallabiarrak, Aritz Irazabal Ugaoko bizkaitarrak eta Julen Kañamares nafarrak eskuratu dute hilaren 23an Azpeitian bertan jokatuko den finalerako txartela. Bestalde, finalerako atarian gelditu dira Jagoba Otaegi aizarnarra, Gorka Etxeberria oriotarra, Joseba Arakama zumarragarra, Jon Gisasola Zelai V.a mallabiarra, Beñat Amade algortarra eta Mikel Agirre ondarroarra.

Sailkapena:

Andoni Iruretagoiena ‘Izeta’ 11:48

Xabier Zaldua 12:20

Xabat Olaizola 12:28

Ioritz Gisasola 12:30

Aritz Irazabal 13:37

Julen Kañamares 14:28

Jagoba Otaegi 15:31

Benat Amade 15:31

Jon Gisasola 18:01

Mikel Agirre 18:20

Joseba Arakama 18:37

Gorka Etxeberria 20:52

Markak

  • Jose Ignazio Orbegozo Arria II.a.  12.07 (1983).
  • Xabier Zaldua  12.12 (2022).
  • Joxe Mari Olasagasti  12.14 (1983).
  • Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a.  12.22 (2022).
  • Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a.  12.29 (2021).
  • Zaldua  12.50 (2020).
  • Joseba Otaegi.  13.09 (2021).
  • Julen Gabirondo.  13.21 (2022).
  • Aitzol Atutxa.  13.22 (2022).
  • Jose Antonio Gisasola Zelai.  13.25 (1983).
  • Ioritz Gisasola Zelai IV.a.  13.27 (2022).
  • Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a. 11.48 (2023)

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!