Izeta VI.ak sekulako erakustaldia eman eta marka berria ezarri zuen Euskal Pentatloi Sarian

2022.09.26 | EHKM, Errekorrak, Errrekor berria, Herri kirolak

31:36ko denborarekin lanak amaituta, iaz baino ia bi minutu gutxiago, Euskal Pentatloi Sariaren aro berriko errekorra erdietsi zuen aiarrak

Argazkia: egursport.com

 

Andoni Iruretagoiena Izeta VI.ak sekulako erakustaldia eskaini zuen pasa den larunbatean Azpeitiko zezen plazan, V. Pentatloi Sariko finalean. Iaz lortutako txapela defendatu zuen aiarrak, eta garaipena errepikatzea lortu zuen, proba 31:36ko denborarekin amaituta, iaz baino ia bi minutu gutxiago behar izan zituelarik  lanak amaitzeko. Hartara, Euskal Pentatloi Sariaren aro berriko marka berria ezarri zuen.

Guztira, sei herri kirolari aritu ziren nor baino nor gehiago hiruko bi txandatan, irailaren 3ko finalaurrekoan egindako denboren arabera banatuta: Joseba Otaegi, Ioritz Gisasola Zelai IV.a, Aritz Irazabal, Julen Gabirondo, Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a eta Xabier Zaldua:

Aurreneko txandan, Joseba Otaegi , Ioritz Gisasola Zelai IV.a eta Aritz Irazabal lehiatu ziren lehen txandan. Bigarrengoan, aldiz, Julen Gabirondo, Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a eta Xabier Zaldua.

Egin beharreko lanak honakoak: 100 kiloko bolari 25 jasoaldi egin, giza proban 400 kiloko harriarekin bi plaza egin, aizkoran hiru kanaerdiko ebaki, 50 kiloko txingekin sei plaza egin eta zezen plazari 30 buelta eman lasterka (hiru kilometro).

Faboritoa zen Izeta VI.a eta ez zuen hutsik egin, nagusitasunez jantzi zuelarik txapela aiarrak, bost probak inoizko azkarren amaituta (31:36). Marka horrekin iaz berak lorturiko errekorra (ordurarte Gabirondoren eskuetan zegoena) hautsi egin zuen, orduko hartan 33 minutu eta 29 segundo erabili baitzituen egin beharrekoak osatzeko. Gabirondo sailkatu zen bigarren eta (32:43)  Zaldua (32:58) hirugarren.

Emakumezkoetan berriz, Nerea Arrutik ere balentria ederra lortu zuen, hark jokatutako aurreneko finalean. Hiru finalistek (Karmele Gisasola Zelai III.a, Nerea Arruti eta Lucia Orbe) egin behar izan zituzten lanak honakoak izan ziren: 63 kiloko bola hamabost aldiz jaso, giza proban 250 kiloko harriarekin plaza bat osatu, 45 ontzako bi enbor moztu, 35 kiloko txingekin lau plaza bete, eta korrika kilometro eta erdi egin.

Azkenean garaipena eskuratu zuen Arrutik bere estreinaldian, pentatloiko bost probak 21:09 minututan amaituta.  Zelai III.ak ezin izan zuen iaz irabazitako txapela defendatu, eta bigarren sailkatu zen 23:22 denborarekin. Orbek osatu zuen podiuma, proba guztiak 25:17 denboran amaituta.

Iaz lehiaturiko Emakumezkoen Pentatloi Txapelketaren lehenengo edizioan Karmele Gisasola Zelai III.a nagusitu zen,  18 minutu eta 57 segundotan amaitu zituelarik probak. Mallabiarraren errekorra ezin izan zuen ondu beraz, aurtengo irabazleak.

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!