Jose Luis Larrañaga xake jokalariaren errekorra gogoan

2023.04.18 | EHKM, Errekor mundialak, Errekorrak, Xakea

1983an, aldiberekoan munduko errekorra lortu zuen azkoitiarrak, eta lorpen horren 40. urtemugaren harira omenaldia egingo diote

Argazkia: Azkoitiako Udal Artxiboa

 

Anaitasuna Kakute xake klubak herrian xakearen oraina eta geroa banandu zituen xake jokalari bat omenduko du apirilaren 22an: Jose Luis Larrañaga (Azkoitia, 1960). 1982ko azaroaren amaieran munduko errekorra egitea lortu zuen hark. Izan ere, inork baino aurkari gehiagoren aurka jokatu zuen aldibereko xake partidetan, hain zuzen, 605 xake jokalarirekin neurtu zituen indarrak azkoitiarrak. Urte hartako azaroaren 27an, Larrañagak 17:00etan ekin zion munduko errekor saiakerari Azkoitiko udaletxeko areto nagusian. Azaroaren 29ko 00:42 zirenean amaitu zuen lana, munduari marka berria egin zuela adieraziz. Guztira, 31 orduz eta 42 minutuz aritu zen xakean Anaitasuna Kakute xake taldeko kidea. 535 partida irabazi zituen Larrañagak, 42 berdindu eta 28 galdu.

1979ko otsailean sortu zuten Anaitasuna Kakute, eta nola edo hala taldeari bultzada eman nahian ari ziren kideak. Kolpera bururatu zitzaien horretarako modua, Guinness liburuan agertzea alegia. Lauzpabost errekor ageri ziren han, eta horien artean zegoen aurkari kopuru handienaren aurka egindako marka. Errekor hura 1978koa zen, zehazki, Branimir Brebrich kanadarrak aldibereko xake partidak 575 aurkariren kontra jokatu zituenekoa, eta hura gainditzeko prestatzea erabaki zuten.

Iritsi zen saiakeraren eguna, azaroaren 27a, eta 17:00etarako guztia prest zuten udaletxean. Orduero, bost minutuko atsedena hartzeko aukera zuen Larrañagak –errekorren Guinness liburuan zehaztuta zegoen atsedenerako aukera hori–, eta tarte horiek besaulkian esertzeko baliatu zituen. Saiakerari ekin eta 22-23 ordura-edo krisialdi bat igaro zuen, baina gainditu zuen hura ere, eta errekorra egitea lortu zuen.

Proba amaitutakoan, Guinness erakundera dokumentazio guztia bidaltzea izan zen hurrengo urratsa, hala nola aktak, kontrol mahaiaren paperak eta Gipuzkoako Xake Federazioko epaileen ziurtagiria, erakundeak lana ofizial egin zezan.

Larrañagak 605 aurkariko langan jarri zuen errekorra beraz 1982an. Dena den, Vlastimil Hort txekiarrak 1985ean hautsi zuen hark egindako lana; 636 arerioren aurka jokatu zuen aldi berean.

Xakean hasi zenetik ez ditu nolanahiko lanak egin azkoitiarrak; izan ere, mundu mailako jokalari onenen aurka jokatutakoa da. Aldibereko xake partidak jokatu ditu Anatoli Karpoven eta Garri Kasparoven aurka; 1985ean eta 1987an, Karpoven aurka jokatu zuen, eta 1986an, Kasparoven aurka.

Haurra zela ekin zion larrañagak xakean jokatzeari, eskolako jolas-orduetan aritzen zelarik xakean lagunekin. Gerora, Felix Izeta zestoarrarekin batera ikasi zuen Azpeitian, Gipuzkoako Maisu Handi bakarra. Gaur egun ere jokatzen du xakean Larrañagak, baina orain zaletu bezala aritzen da. Elgoibarren bizi da azken 31 urteetan, eta hango klubean aritzen da.

80koa izan zen Gipuzkoan xakearen historiako hamarkadarik onena: batetik, Larrañagaren errekor saiakera orduan izan zen, eta bestetik, Euskadiko xake selekzioak lehen aldiz jokatu zuen, Italiaren aurka. Era berean, xake federazioak Euskal Herrira munduko xake jokalaririk onenak ekartzea lortu zuen; izan ere, 1985ean Anatoli Karpov orduko munduko txapelduna Donostian izan zen. 1986an, berriz, Garri Kasparov izan zen Euskal Herrian, eta 1987an, Karpov berriro.

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!