June Kintana, disko jaurtiketako errekordunarekin elkarrizketa

2022.12.14 | EHKM, Elkarrizketak, Emakumeak, Errekorrak, Errrekor berria

Bakaikuarrak, Rita Lorak 21 urtez izan zuen marka gainditu eta Euskal herriko errekorra lortu zuen pasa den uztailaren 20an, Corrales de Buelnan (Kantabrian), 57.83 metroko erregistroarekin

Argazkiak: pamplonaatletico.com

 

Urte amaierarekin batera, 2022an zehar Euskal Herri mailako errekorrekin zerikusia izan duten kirolariekin elkarrizketa sorta prestatu dugu, horietariko lehena gaurkoan zuenganatzen dugularik.

June Kintana (Bakaikua 1995) disko jaurtiketan Euskal Herriko errekorra du, Corrales de Buelnan (Kantabria) lorturikoa, aurtengo uztailaren 20an. 57,83 metrotako jaurtiketarekin, Rira Lora jaurtitzaile historikoak  21 urtetan izan zuen errekorra hautsiz.

Arratsaldeon June! Kontaiguzu nola hasi zinen zu kirol diziplina hau lantzen?

Txiki txikitatik gustatu zait korrika egitea, eta amak Paz de Ziganda ikastolan lana egiten zuenez, gu bertara eraman gintuen. Betidanik izan naiz oso mogitua eta PAT klubean, Larrabiden, sartu nintzen. Han denetik lantzen genuen, kirol modalitate ezberdinak egiten genituen baina entrenatzaileek zerbait ikusi zidaten eta diskoa probatzera animatu ninduten. 13ren bat urte izango nituen orduan, eta 16rekin ia Espainiako Atletismo Federazioak  beka bat eskaini zidan, Leonera joateko, CAT-en (errendimenduko handiko zentroa) aritzera. Bekak  erresidentzia pentsio osoz eta entrenamenduak ordaintzen zituen.

Nik momentua hartan ez nuen hartu. Izan ere, nire bizitzan aldaketa handia suposatzen zuen. Nire inguru afektiboa Bakaikuan zegoen, ikasketak euskaraz eginak nituen, eta ez nekien nola moldatuko nintzen erderaz… batxilerra bukatutakoan eta unibertsitatera joaterakoan onartuko nuela  esan nien.

Horrela, 18 urterekin, Leongo errendimendu handiko zentrora joan nintzen eta albaitaritza ikasketak hasi nituen han. Eta hemen jarraitzen dut oraindik. Nahiz eta betiko klubean, Iruñean, PATen, jarraitzen dudan.

Zergatik Leonera? Ez zegoen beste aukera hurbilagorik?

Egia esan, garai hartan, nafar atletek ez genuen beste aukerarik. Nafarroan ez zegoen halako zentrorik eta zeuden laguntza bakarrak Migel Indurain Fundazioak emandakoak ziren, garai hartan pribatua zena, gero gehiegi kontrolatzen ez badut ere, hori aldatu dela uste dudan arren.

Leongo instalazioa Goi Mailako Kirol Zentroarena (CSD) da eta bertara proiekzioa duten kirolariak eramaten zituzten, eta eramaten dituzte oraindik, egun baldintzak aldatzen ari badira ere. Orain irizpideak ezberdinak dira, baina lehenagotik gaudenei lehengo baldintzak onartzen dizkigute. Niri batxilergoa bukatu ondoren, eta albaitaritza ikasteko hautua nuenez, oso ondo zetorkidan kirol ibilbidea garatzeko beka hori.

Nolakoa izan da zure kirol ibilbidea?

Hasieran, hona (Leongo errendimendu handiko zentrora) etorri berritan izugarrizko urratsa eman nuen, baina gero egonkortu, estabilizatu egin nintzen, ez aurrera eta ez atzera. Hori ohikoa omen da, eta garai hori igarota berriro aurrera egin dut.

Gazteago nintzela, 18 urte nintuela, ez nekien  noraino irits nintekeen, ze maila eman  nezakeen, eta nire  denboraren %80a ematen ari nintzen…Eta emaitzak etorri ziren. 18 urtez azpiko mailan Espainiako txapelduna izan nintzen, eta Europako zein munduko maila horretako txapelketetan parte hartu nuen. Eta nire ibilibidean oso garrantzitsua izan den Europako 23 urtez azpiko txapelketan laugarren geratu nintzen.

Absolutuetan ere aurrera egin dut. Espainiako txapelketak irabazi ditut, Europara joan izan naiz, eta gertu nago Europako kopara eta olinpiadetara joateko; erronka handia dut horretan, zaila da, ametsa, baina badut itxaropena.

Aurten, uztailaren 20, Corrales de Buelnan (Kantabrian)  Rita Lorak 21 urtez  izan zuen marka ere gainditu zenuen, eta Euskal herriko errekorra lortu duzu.

Bai, izugarrizko poza eman zidan. 57,83 metrotako jaurtiketa egin nuen, neure marka onena gainditu nuen eta berehala konturatu nintzen orduan erreferentziatzat nuen eta aspalditik ezarrita zegoen Nafarroako errekorra gainditu nuela. Ederki gogoratzen dut eguna, Corralesetik itzuli eta Bakaikuko festetan murgildu nintzen ospatzera.

Corrales de Buelnako pista oso egokia da guretzako. Izan ere, gure jardueran  eragina du tenperaturak (ez da gauza berdina 5 gradu edo 20 edo 30 egotea) eta batez ere haizearen indarra eta norabidea, eta horretarako oso egokia da.

Nolakoa da maila horrelako (zure kasu) kirolari baten egunerokotasuna?

Egian esan, nahiko monotonoa da. Egunero 4-5 orduko entramenduak, gero atsedena ere oso inportantea da, eta lanketaren parte bat da. Elikadura ere asko zaindu  behar da  eta jarraipena egiten diot nutrizionista batekin, eta buruaren oreka ere oso oso garrantzitsua da, eta kirol psikologo baten laguntza ere jasotzen dut.

Bizitza soziala ere asko gustatzen zait, lagunartea ea… baina egia esan muga dexente jartzen dizkiot horri. Azken batean egun batzuetarako joaten naiz bakarrik Bakaikura, gabonetan, aste santuan eta udan. Zenbait asteburuetan ere joaten naiz, baina atsedena ere hartu behar dudan  horrekin, denbora gutxi geratzen zait.

Ze asmo dituzu aurrerantzean?

Txapelketa batzuk  ditut begibistan, besteak beste Espainiako txapelketa, nazioartean ere baditut, eta oso zaila den arren olinpiadetara hautatuko kirolarien artean egotea nahi nuke. Aurrekoan 26 kirolari hatutatu zituzten eta 27.a  geratu nintzen rankinean. Kirolarion ametsa da eta saiatuko naiz. Entrenatzaile oso onak ditut, hemen  Manolo Martinez, disko jaurtitzaile mitikoarekin aritzen naiz (bere garaian munduko hoberenetarikoa izan zen) eta harreman oso oso estua dut betidanik  Iruñean nire entrenatzaile eta laguna izan den Idoia Mariezkurrenarekin.

Gainera 27 urte ditut eta ustet oraindik progresatzeko aukera dudala… Ametsa da, egia bihurtzeko oso zaila, baina 18 urterekin hona etorri nintzenean ez nuen  imaginatu ere egiten noraino iritsiko nintzen eta…Gainera orain hautaketa sistema aldatu egin dute. Lehen, markei bakarrik begiratzen zieten, baina orain puntuaketa sistema bat ezarri dute, eta hainbat probatan egindako markak ere kontuan hartzen dira…Ea lortzen dudan, ez dut itxaropena galdu.

Bestalde albaitaritza ikasketak amaitu arte behintzat , hemen jarraituko dut, Leonen. Kirola tarteko ikasketak ohikoago baino mantsoago eman ditut, baina beti garbi izan dut, amaituko nituela eta amaituko ditut, jada azken zatitxoa bakarrik falta zait. Ondoren ez dakit zer egingo dudan…hemen jarraitu, Bakaikura itzuli… ez dakit, ikusiko dut nola datozen gauzak.

Bukatzeko, kontaiguzu, zure ibilbidean bereziki gogoratzen dituzun momentu ona bat eta txar bat.

Momentu onak eta txarrak asko izan dira, baina nabarmentzekotan izugarrizko poza eman zidan 23 urte azpiko Europako txapelketan lortu nuen 4. postua. Orduko hartan, sailkapenean 5. edo 6. nijoan, eta azken jaurtiketan laugarren postua lortu nuen. Nafarroako errekorra (Euskal Herrikoa dena), hautsi nuen eguna oso berezia izan zen ere… Ederki ospatu nuen Bakaikuko festetan.

Momentu txarrak ere egon dira noski. Behin baino gehiagotan izan dut dena bertan behera uzteko tentazioa. Bereziki, gogoratzen dut Jaenen izandako proba baten ondorengoa. Izugarrizko itxaropenarekin joan nintzen, eta ez zitzaidan ondo atera (gero ohartu naiz, ez nuela gaizki egin baina nire aurreikuspenen azpitik  ibili nintzen) eta lur jota geratu nintzen… baina aurrera egin nuen (horretarako oso inportantea da lanketa psikologikoa).

Lesioak ere denetatik izan ditut, mina ematen didaten bi ernia ditut, eta apurketak eta horrelakoak izan ditut ere, baina tira,pozik nago eta jarraituko dut.

Mila esker  June eta beste bat arte.

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!