June Kintanak disko jaurtiketako errekor absolutoa hautsi du, 21 urte ondoren

2022.07.22 | EHKM, Emakumeak, Errekorrak, Errrekor berria

Disko jaurtitzaile bakaikuarrak 57,83 metroko jaurtiketa egin zuen eta bere marka pertsonala apurtzeaz gain, 2001etik Rita Lorak zuen Euskal Herriko errekorra hautsi zuen (57,20)

Argazkia: @atletismoFNAF

 

Denboraldiari amaiera bikaina eman dio June Kintana Larraza (1995eko apirilaren 12a) atleta bakaikuarrak. Disko jaurtitzaileak 57,83 metroko jaurtiketa egin zuen pasa den asteazkenean, uztailak 20, Corrales de Buelnako (Kantabria) atletismo proban, eta bere marka pertsonala –2017an Polonian lortutako 56:30 metroak– gainditu zuen, metro batean baino gehiago.

Horretaz gain, 2001etik Rita Lorak zuen Euskal Herriko errekorra apurtzea lortu du bakaikuarrak. Rita Lora Ribas (1973), Barañaingo jaurtitzaile mitikoak, 2001. urteko uztailaren 28an 57,20ko marka egin zuen Malagan. Lorak, 90eko hamarkadan zehar eta 2000ko hamarkadaren hasieran pisu zein diskoko domina ugari eskuratu zituen, oraindik orain Euskal Herriko pisu jaurtiketa errekorra berea delarik, 1992ko uztailaren 13an lorturikoa Ferrolen: 16,17.

Kintanak beraz, ekainaren 4an egindako 56,20ko jaurtiketa gainditu zuen, bere marka pertsonala onduz. Lehiaketa bikain batean, Pamplona Atletico taldeko kirolariak 54,45ekin ireki zuen jardunaldia, ondoren jaurtiketa baliogabea egin zuen eta hirugarren saiakeran errekorra ezarri zuen. Bere baliozko beste bi jaurtiketak 56,60tik gora joan ziren (56,64 eta 56,71), eta, beraz, Corralesekoa bere bizitzako lehiaketa izan zen.

Bere ibilbideko markarik onenak:

57.83 m (2022)

56.31 m (2022)

56.30 m (2017)

56.20 m (2022)

56.02 m (2022)

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!