Argazkia: donostiakultura.eus
Mallabiak Andra Mari jaiak ospatu berri ditu abuztuaren 14tik 16ra, non egitarau oparo baten barruan, asteartean, XXXIII. Gizonezkoen Harri-jasotze Saria eta III. Emakumeen harri-jasotze Saria herri kirol txapelketak lehiatu ziren, arratsaldeko 17:00etatik aurrera.
Gizonezkoek, 100 kiloko zilindro zaharra eta 100 kiloko bola erabil zituzten eta Claudio Iriondo (Irun), Paulo Azpiazu (Osintxu), Mikel Lopetegi ‘Urra’ (Zarautz), Iraitz Arruti (Zarautz), Eneko Bilbao (Kortezubi), Jon Gisasola ‘Zelai V’ (Mallabia), Petre Bulgarea (Palacios de Goda) eta Enrique Lago (Madril) izan ziren lehiakideak.
Emakumezkoek berriz, 62,5 kiloko zilindro zaharra eta 62,5 kiloko bola altxatu behar izan zituzten. Patricia Martin (El Ferrol), Karmele Gisasola ‘Zelai III’ (Mallabia), Ainitze Zumeta (Zarautz) eta Lierni Osa (Zaratuz) izan ziren nor baino nor gehiago.
Azkenean, Karmele Gisasola mallabitarra nagusitu zen, eta garaipena eskuratzeaz aparte, Zelai III.a-k orain arteko markarik onena ezarri zuen: 89 jasoaldi egin zituen 62 kilo eta erdiko zilindro zaharrarekin eta bolarekin.
Karmele Gisasola Zenikazelaia Zelai III.a 1994ko, otsailaren 28an jaiotako herri-kirolaria da. Ingude-jasotzen, txinga eramaten, aizkoran eta trontzan aritzen da. Harri-jasotzailea ere bada eta lau aldiz izan da Euskadiko txapelduna. 2021ean Euskal Pentatloi Saria irabazi zuen.
Herri kirolen munduan jaio eta hazitakoa da Karmele Gisasola. Familiatik datorkio herri kiroletarako zaletasuna. Betidanik ikusi du etxean. Harri-jasotzen ibilia da aita, Jose Antonio Gisasola “Zelai”, ezaguna da mundu horretaneta. Neba eta lehengusua ere aizkoran eta harri-jasotzen aritzen dira. 2012an, 17 urte zituenean hasi zen Karmele erakustaldietan. 2013an, berriz, txapelketetarako prestatzeari heldu zion. Hasieran, ingudea jasotzen ibiltzen zen batez ere, baina txinga eramaten eta trontzan ere jardun du. 2015an, Boisera joan zen Iparraldeko Jokoen erakustaldian parte hartzera.
Palmaresa
Euskal Pentatloi Saria (1): 2021ean txapelduna eta 2022an azpitxapelduna
Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa (2)
Bakarkakoa (1): 2021ean txapelduna
Binakakoa (1): 2021ean txapelduna, Uxue Ansorregirekin batera
Euskal Herriko harri-jasotze txapelketa (4): 2019, 2021, 2022, 2023
2017, 2018, 2019, 2020 eta 2021 eta 2022an, Bizkaiko Ingude-jasotze txapelduna
2019, 2021, 2022an Bizkaiko Harri-jasotze txapelduna
2020, 2021, 2022 eta 2023an Euskadiko Ingude-jasotze Txapelketako irabazlea
2021 eta 2022an Zarauzko Bi Harri Baldarren nesken Txapelketako irabazlea
2021eko eta 2022ko Mallabiko Txapelketako irabazlea
2021eko eta 2022ko Bizkaiko Emakumezko Mailako Aizkolari Txapelketako txapelduna
2022ko Euskadiko Ingude Jasotze Txapelketako txapelduna
2022ko Uliako harria Harri Jasotze Txapelketako irabazlea
Marka pertsonalak
2021eko otsailaren 27an, Mallabiko frontoian: 100 kg-ko zilindro zaharrari 5 minutuan 6 jasoaldi
2022ko abenduaren 31n, Asteasuko frontoian 112,5 kg-ko zilindro zaharrari 3 minutuan 2 jasoaldi, bueltan; hau da, harria lurretik zuzenean bizkarrera altxatuz, kolperik eman barik. Historian lorpen hori eskuratu duen lehendabiziko emakumezkoa da.
0 Comments