Argazkia: egursport.com
Iragan larunbatean, Donostiako Trinitate plazan lehiaturiko harrijasotze hitzorduko berrikuntza nagusia Uliako Harriaren txapelketa izan zen. Emakumeen txapelketa izan zen lehen aldiz, eta parte hartze altua izan zuen lehiak, Igeldoko Harrikoa baino altuagoa, hamar harri-jasotzaile atera zirelarik plazara: Ainitze Zumeta zarauztarra, Karmele Gisasola mallabiarra, Udane Ostolaza oriotarra, Rakel Arranz donostiarra, Naiara Zumeta errenteriarra, Aroa Sanchez oriotarra, Ane Zinkunegi usurbildarra, Lierni Osa zarauztarra, Olaia Esnaola azpeitiarra eta Marina Blanco palentziarra.
Estreinakoz lehiaturiko txapelketa honetan 70 kiloko mole irregularrarekin aritu ziren kirolariak. Landu gabeko harri hau, Uliako Harria izenez bataiatua izan da, mendi honetako itsaslabarretatik erauzia izan delako.
Azkenean, Karmele Gisasolak on egin zituen faboritotzat jotzen zuten pronostikoak, eta lehen irabazlea izan zen, 16 jasoaldi eginda. Ainitze Zumetak (hamahiru) eta Lierni Osak (hamabi) osatu zuten podiuma.
Marka horrekin, Karmele Gisasolak Uliako Harriaren palmaresa estreinatu zuen eta bere izena herri kirolen egutegiko hitzordu garrantzitsua izateko asmoz jaiotako lehiaketa honen historiara pasako da.
Hemen, sailkapena osorik:
- Karmele Gisasola – 16 jasoaldi
- Ainitze Zumeta – 13 jasoaldi
- Lierni Osa – 12 jasoaldi (pisu gutxiago)
- Aroa Sanchez – 12 jasoaldi
- Ane Zinkunegi – 11 jasoaldi
- Raquel Arranz – 10 jasoaldi
- Udane Ostolaza – 9 jasoaldi
- Olaia Enaola – 8 jasoaldi
- Naiara Zumeta – 6 jasoaldi
- Marina Blanco – 3 jasoaldi
0 Comments