Argazkia: www.kilianjornet.cat
Urtea gogorra izan da Jornetentzat, Himalaian izan zuen lesioak txapelketetatik at izan baitu hainbat hilabetez, baina hala ere, Kataluniako ultrakorrikalariak sekulako balentria burutu berri du Pirinioetan, zortzi egunetan, urriaren 2a eta 10a bitartean, 3.000 metro baino gehiagoko 117 mendi igota.
Pasa den urriaren 2an, Sallent de Gallegotik (Huesca) abiatu zen kataluniarra, eta Pirinioetako 117 tontor zapaldu ditu ordutik hilaren 10era arte, hauek tartean: Balaitus, Garmo Negro, Vignemale, Cilindro, Monte Perdido, Pic Long, Pic de Posets, Punta de Lliterola, Aneto, Sayó, Montcalm eta Pica d’Estats.
«Aurten hainbat lasterketetan parte hartu nahi nuen baina lesio batek eragotzi zidan. Osatu ostean erronka berrien berri hasi eta Pirineotako 3.000 metrotik gorako tontor guztiak igotzearena okurritu zitzaidan. Ideia buruan nuen baina ez nekien erronka posible bat edo erokeria bat ote zen eta ondo aztertu eta bideak ondo ezagutzen dituztenekin hitz egin ostean saiatzea erabaki nuen», azaldu du.
Lasterketetan erakusteko ezer gutxi gehiago zuela eta, sekulako erronka jarri zion bere buruari, denera 485,65 kilometro, 43.000 metrotako desnibela eta 155 ordu, bere haurtzaroko mendietan barna. Zenbait tramu osatzeko bizikletaren laguntza baino izan ez duen ibilbide honetan egun batean 40 tontor baino gehiago igotzera heldu da Jornet eta geratu gabe 39 orduz ibiltzera ere.
Esan bezala, bere abentura urriaren 2an hasi zuen, Huescako Frondella mendiaren magalean eta elkarren segidan heldu ziren Balaitus, Garmo Negro, Vignemale, Cylindride del Marboré, Mont Perdu, Pic Long, Pic de Posets, Pointe de Literole, Pic d’Aneto, Pic Say, Pic du Montcalm edo Pic d’Estats bezalako tontor ikonikoak. Azkenean, Kataluniako tontorrik altuena den Pica d´Estats-eko tontorrean eman zuen amaitutzat Kilian Jornetek erronka hau urriaren 10eko lehen eguzki printzekin batera.
0 Comments