Argazkia: EMF
Kilimon Trail mendiko lasterketa jokatu zuten pasa den larunbatean Mendaron, Mendaroko Txirrindulari Elkarteak eta Lizarpe Mendi Klubak antolatuta. Hamaikagarren edizioa izan da aurtengoa, eta bigarren urtez, Euskal Herriko Koparako proba puntuagarria izan da, eta aldi berean, EMF Euskal Mendi Federazioaren txapelketarako ere.
16:00etan abiatu ziren lasterketa motza jokatzekoa zutenak, eta bost minutu geroago, luzerako izena emanda zeudenak. Ibilbide motza 11 kilometrokoa da, eta 600 metroko desnibel positiboa du. Helmugakoaz gain, bi anoa postu izan zituzten bidean korrikalariek: bata, bosgarren kilometroan, Lizarpen, eta bestea, 7,5. kilometroan, Saroben
Proba luzeak, berriz, 23 kilometro izan zituen eta 1.650 metroko desnibel positiboa gainditu behar izan zuten korrikalariek. Bost anoa postu izan ziren: Barrenkortan (4.km), Madarixan (8.km), Mutxubarrenen (12,5.km), Otarren (15.km) eta Gaintxipian (18. km) eta helmugakoa.
450 korrikalari zeuden izena emanda, 300 luzerako eta 150 motzerako, baina hogeita bosten bat gutxiago izan ziren irteera-puntura bildu zirenak azkenean. Eguraldiak izan zuen eraginik honetan, izan ere, haizea eta hotza egin zituen lasterketak iraun zuen denboran.
Emakumezkoetan, Malen Osa 20 urteko oñatiar gazteak irabazi zuen, 2:16:00ko denbora eginda. Osak, gainera, Maite Maiorak 2017an ezarri zuen errekorra ondu zuen hamalau segundotan.  Haren atzetik sailkatu ziren Ainara Uribarri oñatiarra (2:26:59) eta Maite Maiora mendaroarra (2:27:30). Mayi Mujika elgoibartarrak egin zuen laugarren (2:30:33).
Gizonezkoetan, Ezkaraitik etorri zen Alain Santamaria Blancok egin zuen denborarik onena: 1:56:10. Ibai Larrea Aranguren antzuolarra helmugaratu zen haren atzetik, hogeita hiru segundora (1:56:33), eta Gontzal Murgoitio elorrioarra sailkatu zen hirugarren (1:58:12). Laugarren Aitor Ajuria izan zen. Gizonezkoetan, Bartlomiej Przedwojewski poloniarrak egin zuen gaur artekoan denborarik onena, 2018an: 1:54:43.
Lizarpetik Gaintxipiara arteko tartea ere kronometratu zuten antolatzaileek, eta kronoigoera horretan, Josu Urrestarazu nagusitu zen gizonezkoetan. 2 minutu eta 57 segundotan osatu zuen gailurrera arteko bidea. Emakumezkoetan, sailkapen nagusian lehenengo postuan sailkatu zen Malen Osak egin zuen igoerarik onena, Â 4 minutu eta 4 segundoan osatu zuelarik kilometro bertikala.
Ibilbide motzeko lasterketan, bestalde, Ibai Angulo eta Carrodilla Cabestre izan ziren azkarrenak. Gizonezkoen podiuma David Garcia durangarrak (0:53:48) eta haren herrikide Unai Iraolagoitiak (0:54:00) osatu zuten, eta emakumezkoetan, Irene Iturria bidaniarrak eta Jone Oar gernikarrak.
0 Comments