LeBron James, NBAren historiako saskiratzailerik handiena

2023.02.8 | Errekor mundialak, Errekorrak, Errrekor berria, Saskibaloia

Oklahomaren aurkako partidan 39 puntu lortu ondoren, Kareem Abdul-Jabbarren errekorra (38.387) hautsi du, orotara 38.390 puntu saskiratu dituelarik denboraldi erregularrean

Argazkia: sportingnews.com

 

Los Angeleseko Crypto.com Arenak giro bikaina bizi izan zuen asteazken goizalde honetan Lakers-Thunder partidan, LeBronek aukera baitzuen marka historikoa erdiesteko, izan ere, 36 puntu behar zituen Abdul-Jabbarren errekorra hausteko (NBAko erregistro ofizialak ez ditu kontuan hartzen kanporaketa faseko puntuak).

Jabarrek 38.387 puntu egin zituen bere ibilbidean, eta LeBronek 38 sartu ditu Oklahomaren aurkakoan eta beraz, errekor berria 38.390 puntukoa da, Abdul-Jabbarrek baino 150 partida gutxiago behar izan dituelarik zifra horretara heltzeko.

Hirugarren laurdenaren amaieran, LeBron Jamesek 37. puntua sartu duenean, neurketa eten dute lorpena ospatu eta omenaldi txiki bat egiteko, tartean Kareem Abdul-Jabbar bera zegoela.

Lakerseko eta Milwaukee Buckseko jokalari ospetsuak LeBron jaio zen urtean ezarri zuen errekorra, 1984an. 37 urte zituen orduan, eta ordura arte Wilt Chamberlainek zeukan marka hautsi zuen: 31.419 puntu.

LeBronek 38 urte ditu, hogeigarren denboraldia du NBAn eta maila bikaina ari da ematen aurten ere. Denboraldi honetan, batez beste, partidako 30 puntu ari da sartzen, 8,5 errebote ari da hartzen, eta 7,1 asistentzia ari da ematen.

Jamesek lorpen ugari pilatu ditu orainarte: lau aldiz irabazi du NBA; bi aldiz Miami Heatekin (2011-2012an eta 2012-2013an), behin Cleveland Cavaliersekin (2015-2016an) eta beste behin Los Angeles Lakersekin (2019-2020an); lau aldiz izan da NBAko finaletako jokalaririk baliotsuena; eta beste lau aldiz NBAko denboraldi erregularreko jokalaririk baliotsuena (2009an, 2010ean, 2012an eta 2013an).

NBAn bakarrik ez, AEB Ameriketako Estatu Batuetako selekzioarekin ere hainbat garaipen eskuratu ditu askorentzat inoizko jokalari onena denak. Bi aldiz kolkoratu du urrezko domina Olinpiar Jokoetan —2008an Pekinen eta 2012an Londresen—, eta behin brontzezkoa —2004ean Atenasen—. Gainera, Munduko Txapelketa ere irabazi zuen 2006an Japonian.

NBAko saskiratzaile handienen zerrenda (denboraldi erregularrean):

  1. LeBron James: 38.390
  2. Kareem Abdul-Jabbar: 38.387
  3. Karl Malone: 36.928
  4. Kobe Bryant: 33.643
  5. Michael Jordan: 32.292
  6. Dirk Nowitzki: 31.560
  7. Wilt Chamberlain: 31.419
  8. Shaquille O’Neal: 28.596
  9. Carmelo Anthony: 28.289
  10. Moses Malone: 27.409

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!