Lhakpa Sherpa, Everesteko erregina

2023.02.13 | EHKM, Emakumeak, Errekor mundialak, Erronkak, Markak, Mendia

Lhakpa Sherpak 10 aldiz zapaldu du Everesteko gailurra, emakume batek egindako igoera kopuru handiena

Argazkia: cwhf.org

 

Lhakpa Sherpa, Nepalera itzuli zen iazko apirilean lau urte luzeren ondoren, munduaren sabaitik ikusmiraz hamargarren aldiz gozatzeko itxaropenarekin eta bidenabar, arrakasta izanez gero, bere errekorra hausteko, Everestera emakume batek egindako igoera kopuru handienarena, alegia.

Artzain eta etxekoandre baten 11 seme-alabetako bat da Lhakpa, eta Makalu (Nepal) mendiaren magalean koskortu zen, munduko bosgarren mendirik altuenean (8.481 metro). Everest mendia ere ikus zezakeen bere herritik.

Mendira joateko etxetik irteten zen bakoitzean oinutsik eta bakarrik egiten zuen, eta aitak udaberri batean Makaluko kanpaleku nagusitik gora bidali zuen arkumeak jasotzera. Han sokez eta pioletez jantzitako xerpekin topo egin zuen,  geroztik haietako bat bihurtuko zela hitzeman zuelarik.

15 urterekin zamaketari moduan hasi zen zama astunak mendi malkartsuetan gora eramaten, eta bi urteren buruan jadanik sukaldari bilakatu zen. Egun osoan mendian gora eta behera ibili ondoren, gero sukaldera joaten zen lanera.

2000. urtean, zamaketari bihurtu zenetik hamar urte pasatu gabe, Lhakpak eskatu zion Sujata Koirala Nepalgo ondorengo lehen ministroari herrialdeko emakumeen lehen espedizio bat finantza zezan, Everestera joateko. Urte hartako maiatzean, Everesteko Alabak izeneko zazpi emakumek hasi zuten munduko mendirik altuenerako igoera. Lhakpa izan zen tontorrera iristen bakarra, eta, hala, bigarren emakume nepaldarra izan zen gailurrera ailegatzen, eta lehena kanpaleku nagusira itzultzen (1993an Pasang Lhamu Xerpa izan zen lehena mendia igotzen, baina jaitsieran hil egin zen).

2002an George Dijmarescu eskalatzaile errumaniarrarekin ezkondu ondoren Connecticutera aldatu zenean, bere bizitza erabat aldatu zen, teilatu eta pintura negozio bat hasi zutelarik elkarrekin. Baina denborarekin, Dijmarescu, 2020an hil zena, pertsona bortitza bihurtu zen eta bere bi alabak hartu eta tokiko aterpe batera ihes egin zuen.

Lhakpak lan egitea premiazkoa zuen, bi alaben hezkuntza ordaintzeko, eta etxeak garbitzen hasi zen. Apartamentu txiki batean bizi ziren, eta geroago, Whole Foods supermerkatuan hasi zen lanean platerak garbitzen.

2022an nepaldarrak supermerkatuko lana utzi zuen hamargarren aldiz Everestera igotzeko. 34 gizonek bakarrik lortu dute hori, eta haietako 26 xerpa jatorriko nepaldarrak dira.

Maiatzean Everestera igotzeko hiru egun apropos egongo zirela jakinarazi zuenean, abiatu zen tontorrera, eta gaueko 22.00ak aldera, 26.000 oin baino gehiago eginda zeuzkan. Shiny bere alaba kanpamentu basean zegoen, eta walkie-talkie bat zeraman belarrian, ama hamargarren aldiz munduaren gailurrera iristen zeneko une zehatza zein zen jakiteko –maiatzaren 12an izan zen, goizeko 6.30ean–.

Lhakpa aseezina da, eta motz geratu zaio Everestera hamar aldiz igotzea. Aurten K2 eskalatzeko asmoa du, Everestera beste saiakera bat egiteaz gain. Oraingoan, bere bi alabak kanpamentu nagusira eramatea espero du, mundu osoko gazte talde batekin batera.

0 Comments

EUSKAL HERRIKO KIROL ERREKORRAK

Erregistro bat txarto dagoela edo eguneratu behar dela ikusten baduzu, idatzi mesedez jarraian adierazitako helbide elektronikora. Eskerrik asko!

Share This

Partekatu

Share this post with your friends!